Albisteak

Albistea

Itsuki Irratia bueltatzeko hitzarmena sinatu da

  • Astelehenean, Santa Eufemia egunean, herritarrekin lehen harremanak egingo dituzte, jai eremuan jarriko duten karpa batean.

Bermeoko Udalak eta Kostarri Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu dute Itsuki Irratia berriro ere martxan ipintzeko. Astelehenean, Santa Eufemia egunean, martxan jarriko dira jai eremuan jarriko duten karpa batean. Herritarrekin lehen harremanak egingo dituzte, eta zer hobeto kalean lan egitea baino. Hala, jai eguna dela aprobetxatuta, herritarrekin elkarrizketak egiten ibiliko dira.

Bermeoko Udalaren Legealdi Planeko ardatz estrategikoetako bat, Bermeo bizi bat lortzea da, eta ardatz horren barruan, herria erakusleiho artistiko eta kulturala bihurtzearen, herriko ondare kulturala eta identitatea balioan jartzearen, Bermeoko jaiei hauspoa ematearen eta herritarrak euskaraz bizi daitezen lortzeko, euskara bereizgarri eta erakargarri egitearen helburu estrategikoak ditu. Kostarri Kultur Elkartearen proiektua helburu estrategiko horiekin lerrokatuta dagoela adierazi dute udal gobernuko kideek, eta horregatik, eurekin hitzarmena sinatzea erabaki da.

Ia 37 urteko etengabeko jardueraren ostean, 2022. urteko urtarrilean behin betiko eten zuen emisioa Itsuki Irratiak. Orain, bueltan dator, eraberrituta. Azaldu dutenez, formatu berritzailea izango du, baina lehengo kutsua mantenduta. Hala, bermeotar guztiei zuzendutako programazioa zabaltzen saiatuko dira. “Hurbileko irratia izango da, euskalduna eta bertoko informazioari lehentasuna emango diona, bertokoei lekua emanik, kutsu herrikoiarekin, herritarrak uneoro ondo informatuta egon daitezen eta herriko nortasuna sustatuta”, adierazi du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.

Xabier Ortuzar Butron alkateordeak aipatu du Itsuki Irratiak lehengo lekua mantenduko duela: “Udalak, lehen Itsuki Irratia zegoen Atalde kaleko lokala (antzinako bedel etxea) zeukan erabili barik, eta Kostarri Kultur Elkartekoek leku horretan egingo dute lan. Denboratxo bat daramate gauzak prestatzen, ahalik eta arinen martxan jarri ahal izateko”.

Hiru ekintzaile bermeotar daude Kostarri Kultur Elkartearen atzean: Josu Urkidi Elortegi, Jon Guarrotxena Layuno eta Ane Gangoiti Fradua. Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketako U-BAI saria jaso zuten iaz, Urdaibaiko berezitasunak eta aniztasuna zabaltzeko podkast bat egiteko ideiarekin. Ideia hori, orain, Bermeora ekarri dute, eta ideia hori oinarri hartuta, bertoko informazioa bertoko erara zabaltzea izango dute helburu.

Udal ordezkariak “pozik” agertu dira hitzarmenarekin, horri esker, berriro ere Itsuki Irratia martxan egotea posible izango delako, eta modu horretara, herritarrek beste euskarri bat izango dute bertoko informazioa euskaraz jasotzeko.

12 / 09 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0