Albisteak

Albistea

Jon Urrutia Trio, José Angel Lorente Quintet eta Szymon Klekowicki sextet Bermeoko XXII. Jazzaldian uztailaren 3tik 5era

Jazzber eskualdean egiten den jazz jaialdi bakarra da eta jazz mundua herriari hurbildu nahi diete Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz taldeak jaialdi honen bidez

Jon Urrutia Trio, José Angel Lorente Quintet eta Szymon Klekowicki sextet izango dira Bermeoko XXII. Jazzaldiaren protagonistak uztailaren 3tik 5era. Kontzertu guztiak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrera dohainik izango da.

Alazne Zumetak, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Igor Markaidak eta Joseba Verdesek Jizz-jazz taldearen kideek, azpimarratu dutenez, “Jazzber eskualdean egiten den jazz jaialdi bakarra da”. Ildo horretan, azaldu dutenez, Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz taldeak Jazzberrekin lortu nahi dituzten helburuak dira Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatzea, jazz mundua herrira hurbiltzea eta jazz musikaren joera berrienak ezagutaraztea.

Bermeoko Kultura zinegotziak eta Jizz-Jazz taldeko kideek XXII. Jazzaldia aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute gaur eta, bertan, Jazzberrek kalitatezko programa oso erakargarria eskainiko duela azpimarratu dute.

Horrela, Bermeoko XXII. Jazzaldiak uztailaren 3tik 5era hiru kontzertu eskainiko ditu, eta honako hauek izango dira parte hartuko duten taldeak: tradizioa eta modernotasuna batzen dituen Jon Urrutia Trio taldea, BBK saria jaso duen Jose Angel Lorente Quintet taldea eta Poloniatik datorren Szymon Klekowicki seikotea.

Jazz jaialdia uztailaren 3an, asteazkenean, hasiko da Jon Urrutia Trio taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Hirukote horrek tradizioa eta modernotasuna bateratzen ditu eta dituen eraginak musika klasikotik, garaikidetik edo inprobisatzailetik datoz, espainiar, frantses eta Ameriketako kulturetako musika etniko eta herrikoietako erritimikak bateratuta.

Uztailaren 4an, eguenean, José Angel Lorente Quintet boskotearen txanda izango da. Urteko jazz egitasmorik onenaren BBK saria jaso du, bere lehenengo albuma ‘Raíces’ energia hutsa da. José Angel Lorente Quintet-en musikak tinbre kalitate berezia du. Jazz berriaren soinua eta publikoki historiak helarazteko sentimenduz beteriko konposaketak entzuteko aukera izango dugu kontzertu honetan.

Uztailaren 5ean, ostiralean, Szymon Klekowicki sextet taldearen kontzertua izango dugu eta euren musika jazzaren erantzun modernoa da. Poloniatik datorren seikotearen errepertorioa Szymon Klekowicki taldeko buruaren eta Adam Jarzmik pianistaren berezko lanetan datza. 2019aren hasieran euren estreinaldiko albuma grabatu zuten: ‘A day in the bus’, hain zuzen ere.

Zumetak, Markaidak eta Verdesek gogoratu dutenez, Bermeoko Jazzaldiak, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen die. Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak, Jizz-Jazz Kultur Taldearekin batera antolatzen du. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira.

Hori dela eta, Bermeoko Kultura zinegotziak eta Jizz Jazz taldeko kideek pertsona guztiak XXII. Jazzber honetan parte hartzera eta kontzertuekin disfrutatzera gonbidatu nahi izan dituzte. Zumetak eskerrak eman dizkio Jizz Jazz taldeari jaialdi hori eskualdean erreferentea izatea lortu duelako eta urterik urtera kalitatezko programa lortzeko lan handia egiten duelako.

28 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0