Albistea
Bermeoko Udala aspaldi Alde Zaharra biziberritzeko plangintza bat lantzen ari da eta horren barne orube hutsak eta gune publikoak berreskuratzen ari da. Horrela, Irune Ormaetxeak, Urigintza zinegotziak, azpimarratu duenez, “apustu horretan beste pauso bat emango dugu eta Andra Mari kaleko orubea, hau da, Beruala eraikin alboko lorategia, txukundu eta edertuko dugu eta, bertan, pertsona nagusiek gimnasia egiteko gune bat egokituko dugu”.
Helburua bikoitza izango dela gaineratu du; “alde batetik, orube bat berreskuratuko dugu, gune hori txukunduz eta edertuz; eta, bestetik, pertsona nagusiek kalean gimnasia egiteko gune bat izango dute, bertan ariketa fisikoa egiteko hainbat aparatu izango baitituzte”.
Ormaetxeak guzti horren berri prentsaurrekoan eman du eta berarekin batera egon da Santi Murua, Berualako zuzendaria. Muruak proiektuari buruzko zehaztapenak eman ditu eta, Alde Zaharreko toki berezi bat izanik, gune hori egokitzea erabaki dutela gogoratu du.
Horretarako, batetik, gunea garbituko eta landare usaintsuak jarriko dira orube hori edertzeko; bestetik, nagusiek gimnasia egiteko, hainbat aparatu jarriko ditu (pedalak emateko, besoak mugitzeko…).
Lanak astelehenean hasiko dira eta bi-hiru aste inguru irautea aurreikusten dutela gaineratu du Muruak. “Gunea berreskuratuko dugu, toki hori edertuz eta aisialdiko gune bat egokituz”, azpimarratu du Ormaetxeak. Ildo horretan, herritarrak gune hori “errespetuz eta arduraz” erabiltzea eskatu du “egoera egokian mantendu ahal izateko”.
Alde Zaharra biziberritzen
Urigintza zinegotziak azaldu duenez, ekintza hau Bermeoko Udala Alde Zaharra biziberritzeko egiten ari den lanaren barne kokatu behar da, eta, zehazki, orube hutsak eta gune publikoak berreskuratzeko egiten ari den plangintzaren barne.
Era horretan, Ormaetxeak gogoratu duenez, Alde Zaharra biziberritzeko herritarrekin egindako parte-hartze tailerretan, Portua eta Talaren arteko lotura indartzeko beharrizana agertu zen. Helburu hori lortzeko eta, orokorrean, Alde Zaharra biziberritzeko hainbat dira Bermeoko Udalak inguru horretan egindako ekintzak: Talakoetxea 2ko orubea berreskuratu eta bertan murala margotu da; Irakaskintza kalean estalkia jarri da, Talan baleontziei buruzko mural ederra margotu da, EHUrekin hitzarmena sinatu zen ikasleek Alde Zaharreko orube hutsetan proiektuak lantzeko, eta Hurtado de Mendoza kaleko orubea berreskuratu eta bertan ‘Bekoportale’ proiektua martxan jarriko da laster.
Horrez gain, hainbat ekimen berri ere aurreikusten dira, besteak beste, Talakoetxea kalearen kableak lurperatzea eta Alde Zaharreko beste orube batzuen berreskurapena. “Orubeen jabeekin harremanetan gaude, erabileraren lagapena egiteko eraikitzen ez duten bitartean, guk gune horiek txukundu eta edertu ahal izateko eta herritarrek erabilera eman ahal izateko”, adierazi du Ormaetxeak.
“Alde Zaharraren biziberritzea gure lehentasuna da eta lan horretan buru belarri gaude, lan asko egin dugu eta egingo dugu etorkizunean ere bai”, nabarmendu du Ormaetxeak.
010 (94 617 91 00)