Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak azken urtean egin dituen garbiketa hobekuntzen balorazio “positiboa” egiten du

-2020an, besteak beste, herriko sastar eta paperak biltzeko kontenedoreak berritu dira, kaleak eta izkina zailak garbitzeko hidrogarbigailu zerbitzua martxan jarri da eta kontzientzia sortzaileak kontratatu dira herritarrengan kontzientzia piztu eta laguntzeko

-Gainera, 2020 bildutako hondakinen datuen berri eman du Udalak

Bermeon, 2021eko otsailaren 12an.- Bermeoko Udalak 2020an zehar herriko garbitasuna hobetzeko hartutako erabakien eta martxan jarritako hobekuntzen “balorazio positiboa” egiten du. Izan ere, iaz, besteak beste, herriko sastar eta paper eta kartoiak batzeko kontenedoreak berritu ziren, kaleak eta izkina garbitzeko hidrogarbigailu zerbitzua martxan jarri zen eta kontzientzia sortzaileak kontratatu ziren herritarrengan garbitasunaren, bizikidetzaren eta birziklapenaren gaineko kontzientzia piztu eta eduki ditzaketen zalantzen gainean informatu eta laguntzeko. Honela, ‘Bermeo garbi’ helburu estrategikoan hainbat pausu “garrantzitsu” eman ziren.

“Udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat da herri garbi eta bizitzeko atseginagoa izatea. Herritarrek ere hala adierazi digute bai udaletik egindako parte hartze prozesuetan eta baita herritarren artean egindako asebetetze inkestan ere. Bada, iaz, hainbat hobekuntza jarri genituen martxan eta oso pozik gaude. Sastarrak eta papera biltzeko kontenedoreak berritu genituen, hidrogarbigailu zerbitzua martxan jarri genuen eta bi kontzientzia sortzaile kontratatu genituen”, azaldu du Aritz Abaroak.

Eta gehitu du: “gaur egun kontenedore berriak ditugu, periodikoki sistema berri batekin garbitzen direnak, eta askoz ere erosoagoak eta garbiagoak dira. Herriko ahuleziak eta arazo guneak identifikatu genituen eta berrantolaketa bat egin genuen. Kasu batzuetan edukiontzi guneak berrantolatu egin ziren eta, beste batzuetan, guneak kontenedore berriekin indartu ziren”.

“Bestalde, hidrogarbigailuaren emaitzak begi-bistakoak dira. Izan ere, langileek euren lana askoz ere modu efizienteagoan egin dezakete eta, honek, zuzeneko eragina du herriko kaleen garbitasunean. Gainera, sastarrak batzeko eta organikoa biltzekoa kamioi berriak ere lanean ditugu duela zenbait hilabetetik hona. Azkenik, herritarrengan garbitasunaren, bizikidetzaren eta birziklapenaren gaineko kontzientzia sortu eta gai horien inguruko informazioa eskaintzeko bi kontzientzia sortzaile kontratatu ditugu, herriko gazte bi laneratuz. Euren lana, besteak beste, kartoiak kontenedorera tolestuta botatzearen garrantzia azaltzea da, merkatariei udalak eskaintzen dituen atez ateko bilketa zerbitzuen gaineko informazioa eskaintzea, herritarrei elkarbizitza kaltetzen duten jarrera desegokiak ekiditeko gomendioak ematea… Kontzientzia sortzaileen programa hau iaz jarri zen lehengoz martxan eta balorazio oso positiboa egiten dugu”.

2020ko hondakin bilketaren datuak

Bestalde, Bermeoko Udalak 2020ko hondakin bilketen datuak eskaini ditu. Oro har, hondakinak 2020an zehar jaitsi egin direla aipatu beharra dago (2019an baino %2,91a gutxiago). Bermeoko Zerbitzuetako zinegotzi Idoia Platasek esan du: “izan dugun pandemiak eta honek ekarri duen itxialdiak zuzeneko eragina izan du hondakin bilketan. Datuek erakusten dute martxoan eta apirilean bizi izan genuen itxialdiak hondakin gutxiago sortzea ekarri duela”.

Jarraian, 2020ko zenbait datu eskainiko dira:

Sastarrak: 2020an 4.624.497 kilo batu ziren, 2019an baino %3,9 gutxiago.

Beira: 455.248 kilo, 2019an baino 13,74% gutxiago.

Papera eta kartoia: 469.412 kilo, 2019an baino %11,58 gutxiago.

Ontziak: 355.193 kilo, 2019an baino %14,93 gehiago.

Bolumen handiko hondakinak: 208.580 kilo, 2019an baino %1,06 gutxiago.

Arropak: 46.036 kilo, 2019an baino %3,04 gehiago.

Organikoa: 152.030 kilo, iaz baino %125,60 gehiago (kontuan hartu behar da zerbitzu hau berria dela eta 2019ko uztailean hasi zela).

Olioa: 15.280 litro, 2019an baino %18,27 gehiago.

“Datu hauekin hainbat ondorio atera ditzakegu. Alde batetik, sastarren kopurua jaitsi da eta ontziena, adibidez, igo da. Honek esan nahi du sastar gutxiago sortzen dugula eta, gainera, sortzen dugun hori hobeki banatzen dugula. Bestalde, beira eta kartoi eta paperen bilketa nabarmen jaitsi da. Kontutan hartu behar dugu tabernak itxita egon direla eta horrek beiraren bilketan zuzeneko eragina izan duela. Gauza bera esan dezakegu paper eta kartoiekin. Dendak itxita egon direnez, beherakada ekarri du”, azaldu du Idoia Platasek. “Aipatzekoa da organikoari dagokion datua. 2019an hasi ginen organikoa birziklatzen eta badirudi gero eta gehiago garela urrats hau ematen ari garen bermeotarrak. Uste dugu, orokorrean, pixkanaka hobetuz goazela, nahiz eta, oraingoz, asko dugun egiteko. Emaitza hobeak lortu behar ditugu eta hori izango da gure hurrengo urteetako erronketako bat”, amaitu du.

12 / 02 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0