Albisteak

Albistea

Bermeon III. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da irailaren 5ean, zapatuan, portua eta Izaro uhartearen artean parte hartze handiarekin

Bermeon III. Salome Campos itsas zeharkaldia egingo da irailaren 5ean, zapatuan, herriko portuaren eta Izaro uhartearen artean. Parte-hartzaileek 5.000 metroko distantzia handia egingo dute igerian. Horrez gain, 1.500 metrotako froga bat egongo da eta 500 metrotako beste bat umeen kategoriari zuzenduta. Guztietan 451 partaide izango dira, iaz baino 181 parte-hartzaile gehiago.

Salome Campos zeharkaldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Aintzi Laburuk,  Campos-eko Marketing zuzendariak. Azpimarratu dutenez, jai bezperetan egingo den froga hau “ikusgarria” izango da, izan ere, gaur egun ur irekietan antolatzen diren era honetako lehiaketa arrakastatsuetan normalean egiten den distantzia baino askoz handiagoa izango da zeharkaldi honetakoa.  

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten parte hartzaile kopurua asko handitu da eta hori “poztekoa” da, izan ere, Salome Campos itsas zeharkaldia indartzen duen kirol ekimen bat dela adierazi nahi du. Gainera emakumeen parte hartzea ere asko handitu dela nabarmendu dute, benetan “albiste ona”. “Horrez gain, poztekoa da aurten 25 bermeotar parte hartzaile izango direla” gaineratu dute.

Ildo honetan, azaldu dutenez, iaz 5.000 metroko distantziako itsas zeharkaldian, hau da, portua eta Izaro uhartearen arteko zeharkaldian, 200 pertsona inguruk parte hartu zuten eta aurten 255 izango dira parte-hartzaileak, %15a neskak. “Froga honetan zortzi bermeotar izango ditugu, pena bermeotar emakumerik ez egotea froga honetan, gainera kontuan hartuta Salome Campos itsas zeharkaldiak emakume bermeotar bat omentzen duela, baina, seguru nago lortuko dugula emakume bermeotarren parte hartzea”, adierazi du Laburuk.

1.500 metrotako frogan 2014an 58 parte-hartzaile izan ziren eta aurten, berriz, 151 izango dira, horietatik %36a neskak, sei emakume bermeotarrak, hain zuzen ere. Zazpi gizon bermeotar ere izango dira 1.500 metrotako frogan. Umeei zuzendutako frogari dagokionez, 2014an 12 izan ziren eta aurten 45 izango dira, %48a neskak.  Bermeotarrak hiru neska eta mutil bat izango dira.

Laburuk beteranoen kategoriakoen parte hartze garrantzitsua ere azpimarratu du, izan ere, 14 pertsona izango dira 1957 urtean edo arinago jaiotakoak. Horietatik 10 gizonek 5.000 metroko froga egiteko izena eman dute, beste hiruk 1.500 metrokoan parte hartuko dute eta, beteranoen kategoriko emakume bakarrak, 1948. Urtean jaiotakoak, 1.500 metroko frogan parte hartuko du. “Froga guztiko pertsonarik nagusiena Iparraldetik datorren gizon bat da, 1943. urtean jaiotakoa”, gaineratu du.

Hortaz, datuak oso positiboak direla adierazi dute. Euren esanetan, Bermeoko III. Salome Campos itsas zeharkaldiaren helburua da ur irekien udako egutegian finkatzea eta erreferentzia izatea. Joan den urtean bezala, garaileek, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, beren pisua kontserbako Hegaluzetan irabaziko dute.  

Ekimen honek Bermeoko Udalaren laguntza du eta segurtasunaz Gurutze Gorria eta Bermeoko Herri Babesa arduratuko dira.

Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeoko herriak “arro hartzen du III. Salome Campos zeharkaldia, eta gainera pozgarria da kirol ekimen honek urtetik urtera arrakasta handiagoa lortzea eta emakumeen partaidetza handiagotzea, kontuan hartuta Salome Campos emakume bermeotarra omendu nahi dela, orain dela mende bat baino gehiago berak Portutik Izaroraino uger egin baitzuen. “Beraz, parte hartzaile guztiei eta pertsona guztiei gonbidatu nahi diet Bermeora etortzen kirol eta jai giro izugarriarekin gozatzera”, nabarmendu du.

 

 

 

03 / 09 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0