Albisteak

Albistea

Bermeon behaketa masiboa egingo du Osakidetzak ostiraletik asteartera bitartean

  • PCR frogak Artza Frontoian egingo dira eta hitzordua eskatu beharko da
  • Gainera, birusaren zabalkundea ekiditeko, Bermeoko Udalak hainbat zerbitzu itxiko ditu. Zabalik egongo dira, bakarrik: Udal bulegoak eta Berhaz zerbitzua (hitzordua eskatuta)

Bermeon, 2021eko urtarrilaren 7an.- Bermeon behaketa masiboa hasiko du bihar Osakidetzak. Izan ere, azkeneko datu kezkagarriak ikusita eta aste honetako eboluzioa aztertuta, 6 urtetik gorako herritarren artean PCR froga masiboak egitea erabaki da. Froga hauek urtarrilaren 8an hasi eta 12an bukatuko dira, bestelakorik esan ezean. Gainera, birusaren zabalkundea ekiditeko, Udalak hainbat zerbitzu itxiko ditu. Zabalik egongo dira, bakarrik: Udal bulegoak eta Berhaz zerbitzua (hitzordua hartuta. 010 telefonoan edo Egoitza Elektronikoan). Itxi egingo dira, besteak beste: umeen jolasguneak, kiroldegia eta udal kirol instalazioak, Gizarte eta Kultur Etxea, Musika Eskola…

PCR-a egiteko hitzordua eskatu beharko da. Horretarako,  946029050 edo 900 203 050 zenbakietara deitu beharko da. Frogak Bermeoko Artza frontoian egingo dira, urtarrilaren 8tik 12ra bitartean. Urtarrilaren 8an 16:00etatik 21:30etara eta, gainontzeko egunetan, 08:30etatik 21:30era. Bermeoko Udalak herritarrei laguntza eskatzen die egoerari aurre egiteko.

“Osasun krisia hasi zenetik Osakidetzarekin elkarlanean egon gara eta gure arteko komunikazioa etengabea izan da. Azken egunotako datu kezkagarriak ikusita Osasun Sailak behaketa masiboa egitea erabaki du, momentuko egoera ahalik eta hobekien zehazteko. Alkate modura herritarrei mesedez eskatzen diet autoritateen gomendioak jarraitzea eta, momentu honetan, PCR-ak egitea eskatzen digute. Mesedez, egin dezagun gomendatzen digutena, guztion osasuna baitugu jokoan”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

“Egungo egoera ikusita udal zerbitzu gehienak ixtea erabaki dugu. Zabalik egongo dira, bakarrik, Udal bulegoak eta Berhaz zerbitzua. Azkeneko hau erabiltzeko hitzordua eskatu beharko da derrigorrez. Egoerak hobetu ahala zerbitzuak berriz martxan jarriko ditugu, baina horretarako guztion konpromisoa beharrezkoa. Jakin badakit ahalegin handia egin dugula hilabete hauetan zehar. Bada, orain ahalegin hori indartzea dagokigu. Zaindu gaitezen eta zaindu ditzagun gure ingurukoak, mesedez”

08 / 01 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0