Albistea
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an da, eta horregatik atariko asteburuan motorrak berotzen hasteko hainbat ekitaldi antolatu ditu Bermeoko Udalak. Horrela, azaroaren 26an, zapatuan, ‘Miñe Lamiñe’ ekitaldia izango dugu; eta azaroaren 27an, domekan, 2015eko jaioberrien liburua aurkezteko jaia egingo da.
Horien berri eman dute gaur prentsaurrekoan, Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskera zinegotziak, eta Maite Alvarezek, Euskara teknikariak. Miñe Lamiñe ekitaldiari dagokionez, zapatuan, azaroaren 26an, izango da Bermeoko Kafe Antzokian 11:00etatik 14:00etara. Agirrek azaldu duenez, ekitaldi hori irekia da, eta bertan, urtero bezala, aukera izango da euskararen gaineko gogoeta egiteko, kafea eta mokadua lagunduta.
“Joan den urteko Miñe Lamiñen euskaraz egiteko ditugun arrazoien inguruan aritu ginen eta “Geuk eus 1.000 arrazoi bizitzeko” kanpainaren lehen pausuak eman genituen, hain zuzen, Bermeon euskararen erabilerari bultzada eman gurean”, azaldu du Alvarezek
“Aurten, berriz, Geuk eus kanpainan 250 bideo baino gehiago grabatu ditugula, herritar askoren ahotsean entzun ditugu euskaraz bizitzeko dituzten arrazoi asko eta horrek bidea ematen digu horri buruzko hausnarketa egiteko”, esan du Maite Alvarezek.
“Gogoeta horrek hainbat galdera ekarriko dizkigu: lehen ditugun arrazoiek balio digute oraindik? Beste arrazoi batzuk ditugu? Hizkuntza asko ditugu inguruan, eta hala izango da etorkizunean ere. Hortaz, zer behar dute belaunaldi berriek euskarari eusteko? Zergatik aukeratuko dute euskaraz bizitzea?. Galdera hauei guztiei erantzuna ematen saiatuko gara giro onean”, azaldu du Euskara teknikariak.
Maite Alvarezek adierazi duenez, solasaldiari amaiera emateko, ohi denez, Bermeon euskaraz sortzen den lana erakutsi eta indartuko da. Horretarako, aurten, Itziar Rekalde ipuin kontalariak eta Ipuin Lapikoaren dinamizatzaileak bertoko ipuinak ekarriko dizkigu, guztion gozagarri.
“Lagunartean euskararen inguruko hausnarketa egiteko urteroko hitzordura etortzeko gonbitea egin gura diet herritar guztiei, Miñe Lamiñe ekitaldian parte hartuz, euskarari era kolektiboan beste bultzada bat eman gura diogulako”, nabarmendu du Agirrek.
2015eko jaioberrien liburua
Bestalde, Agirrek adierazi duenez, urtero moduan, Udalak Bermeon 2015ean jaiotako umeen liburua argitaratu du, eta, domekan, azaroaren 27an, aurkeztuko du Bermeoko Kafe Antzokian eguerdiko 12:00etan egingo den jai hunkigarri bezain polit batean.
Euskara zinegotziak gogoratu duenez, 2002 urteaz geroztik, Bermeon jaio diren ume guztiei bertso-papera egiten zaie. Oraingoan, 2015ean jaio diren 162 umeek eta euren familiek, bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere izango dute.
Euskara teknikariak xehetasunak eman ditu: Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da, eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
2015eko jaioberrien liburuaren jaian Patxin eta Potxin pailazoak ikuskizun polita eskainiko dute. Gurasoak, umeak eta familiak izango dira jaiaren protagonistak eta horretarako, guraso batzuek euren umearen bertsoa irakurriko dute.
“Patxin eta Potxinen pailazoen ikuskizunaren ostean, liburua banatzeko ordua izango da, eta alkatea eta ni neu han izango gara hurreratzen diren gurasoei liburua emateko. Amaitzeko, denok batera urteko argazkia aterako dugu”, azaldu du Agirrek.
Beraz, aipatutako ekitaldiekin Euskararen Nazioarteko Egunerako motorrak berotzen hasiko da Bermeoko Udala.
010 (94 617 91 00)