Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak errealitatea ikuspegi feminista batetik aztertuko duen Negu morea martxan jarriko du

Bermeoko Udalak negu, udaberri eta udazken morea proiektua abiaraziko du, eta negu moreko egitaraua dagoeneko prest dago, urtarriletik aurrera martxan jartzeko: https://labur.eus/SAnbW. Berdintasun Sailak abiarazitako proiektua bada ere, kultura, euskara, kirol eta hezkuntza sailekin elkarlanean sortu da.

Negu, udaberri eta udazken morea emakumeak euren eskubideen jabe egiteko eta beste emakumeekin sareak sortzeko tresnak eskaintzen dituen ikastaro, topaketa, hitzaldi eta tailer sorta da. Hain zuzen ere, emakumeen jabetze eta ahalduntze prozesuan eragitea da helburua, hau da, autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, gaitasun propioak ezagutzea eta emakumeek dagokien espazioa berreskuratzea. Errealitatea ikuspegi feministatik aztertzen du, jendarte justu, anitz eta osoago baterantz urratsak emateko esperientziak eta jakintzak partekatuz.

Bermeoko emakume elkarte desberdinekin eta mugimendu feministarekin herriko emakumeen arteko sareak sortzea da helburua, elkar ezagutzeko, laguntzeko, topatzeko eta gozatzeko.

Negu Morea beteta dator. Besteak beste, urtearekin batera hasiko diren bi ikastaro antolatu dira: biziraupenerako brikolajea eta perreo feminista. Biziraupenerako brikolajea 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutako ikastaroa da; horretan, ohiko matxurak nork bere buruaren kabuz konpontzen ikasteko aukera egongo da, metodologia praktikoa erabilita. Urtarrilaren 22an hasiko da, eta 7 saio izango dira; eguaztenetan batuko dira, 18:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.

Urtarrilean hasiko da baita ere 3 saio izango dituen perreo feminista ikastaroa. Lehenengo saioa urtarrilaren 25ean izango da, eta hileko azken zapatuetan bilduko dira, 11:30etik 12:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Ikastaro honetan 16 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete. Tailerraren helburua da, twerk edo reggaeton moduko dantzen potentziala esperimentatuta, espazio seguru bat sortu ahal izatea, “boteretsuago sentitzeko tresna bezala”.

Ikastaroetan parte hartu gura dutenek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea, ikastaroa hasi baino aste bete lehenagora arte eman ahalko da izena berdintasuna@bermeo.eus posta elektronikora edota 688 638 449 telefono zenbakira idatzita. Ikastaroetako plazak mugatuak dira. Partaideen zerrenda izen-emate dataren arabera egingo da, eta Bermeon erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute. Gainera, dohainik eskainiko dira.

Tailerrak era badaude Negu morearen baitan. Esaterako, otsailaren 6rako, biziraupenerako sukaldaritza tailerra antolatu da, 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta. 5€ baino gutxiagoko aurrekontuarekin, errezeta osasuntsu eta zaporetsuak egiten ikasiko dute, eta mundu zabaleko usaindun errezetak izango dira. Hiru orduko ikastaroa izango da, 09:00etatik 12:00etara, eta Bermeoko OLHUI eraikinean izango da. Bertako ikasleek eskainiko dute ikastaroa, modu horretara, ezagutzak partekatuz.

Ondoren, otsailaren 17an, 17:30etik 19:30era, ziklotasunari buruzko tailerrean parte hartu ahalko dute Lehen Hezkuntzako 5. Mailako neskek eta euren amek. Tailer honetan emakumeen ziklotasuna zelakoa den eta bere funtzionamendua zein den landuko da.

Bestalde, LGTBI+ pertsonei zuzendutako Heterosexualitatea irauli tailerra antolatu da otsailaren 27rako; 17:30etik 20:30era izango da Gizarte eta Kultura Etxean.

Hitzaldiak eta gehiago

Horrez gain, urtarrilaren 28rako, 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutako Ezagutu zure eskubideak hitzaldia antolatu da; 10:00etatik 12:00etara izango da Gizarte eta Kultura Etxean. Eta, urtarrilaren 30ean, 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean Sexu eta genero aniztasuna HIRIETATIK AT hitzaldia egongo da, publiko guztiari zuzenduta.

Era berean, gogorarazi gura da Irakurleen Txoko Feminista ere hilero batzen dela, hileko laugarren eguaztenetan, 19:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean. Eta emakume kirolaria bazara eta korrika egitea gustukoa baduzu, gogoratu baita ere Emakume Korrikalarien Taldea martxan dagoela. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta urtarriletik aurrerako programa zehaztuta daukate dagoeneko.

Azkenik, urtarrilerako kultur proposamen bat ere badakar Negu moreak. Kai Errea konpainiaren La Odisea antzezlana ikusteko aukera egongo da, 20:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.

Bermeoko Udalak herritarrak animatzen ditu negu morearen baitan antolatu diren ekimenetan parte hartzera, “mota askotako aukerak baitaude”.

30 / 12 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0