Albisteak

Albistea

'Paperik gabeko administrazioa lortzeko, administrazio elektronikoa martxan Bermeoko Udalean'

Elektronikoki tramitatzeko prest dauden enpresei jakinarazpen elektronikoa bidaliko die udalak hurrengo egunetan

 

Laguntza behar duten enpresa eta elkarteekin bilerak antolatu dira maiatzean eta hasieran BERHAZ zerbitzuaren bidez emango zaio aholkularitza zerbitzua herritarrei

Tramite guztiak on-line egin ahal izateko eta paperik gabeko administrazioa lortzeko bidean, E-administrazioa martxan dago Bermeoko Udalean. “Legeek bultzatuta eta Bermeoko Udala erakunde aurreratuen artean egonik, administrazio elektronikoa errealitate bat da Bermeon”, azpimarratu du Naiara Anasagastik, Bermeoko Antolakuntza teknikariak.

Horrela, jakinarazi duenez, lan “sakon” bat egin ondoren, elektronikoki tramitatzeko dauden enpresei jakinarazpen elektronikoa bidaliko die Udalak hurrengo egunetan, egoitza elektronikotik jaso eta aurrerantzean, modu horretan tramitatzen hasteko. Laguntza behar duten enpresa eta elkarteekin bilerak aurreikusten dira maiatzean eta hasieran Berhaz zerbitzuaren bidez emango zaie aholkularitza zerbitzua herritarrei.

Ildo horretan, Anasagastik azaldu duenez, 2018. urtean proiektuaren diseinu eta lehen faseak egin ziren: baliabideak eskuratu, barne funtzionamendua aldatu, sinadura elektronikoa ezarri eta proiektu honen biderapenerako oinarri guztiak ezarri. Horrela, 2018ko abuztuan Egoitza Elektroniko berria argitaratu zen, hori xedatzen duen Ordenantza indarrean sartzeaz batera.

2018 urte amaieran eta 2019 urte hasieran herriko enpresa eta elkarte guztiekin hartu emanetan jarri izan da Udala, “egoeraz jabetu, dituzten baliabideak ezagutu eta elektronikoki tramitatu ahal izateko zein den errealitatea jakiteko”. Azterketa lan hori eginda, Antolakuntza teknikariak adierazi duenez, honako argazkia lortu da, elektronikoki tramitatzeko dituzten aukerei dagokienez:

• Herriko enpresen %26a prest dago elektronikoki tramitatzeko.

• Herriko enpresen %64k aholkulari bat du tramite zehatzetan laguntza eskaintzeko.

• Herriko enpresen % 7ak, laguntza behar duela adierazi du, elektronikoki tramitatu ahal izateko.

• Enpresen %3ak gai honekiko ez du ezelako interesik aurkeztu eta eskatutako datuak eskaintzeari ezetza eman dio.

Era berean, enpresen erantzunak aztertuta, honakoak dira gehien eskatzen dituzten edo beharko lituzketen tramiteak:

1. ISUNEN INFORMAZIO ESKARIA

2. ISUNEN DESKARGU PLEGUAK

3. GIDARIAREN IDENTIFIKAZIOA

4. GUNE PUBLIKOETAN EKINTZAK EGITEKO BAIMENAK

5. FAKTURA ELEKTRONIKOA AURKEZTEKO AUKERA

6. FIDANTZA ITZULKETA ESKARIA

7. OINEZKO GUNERA SARTZEKO BAIMENAK

8. OINEZKO GUNERA SARTZEKO BEHIN BEHINEKO BAIMENAK

9. JARDUEREN AURREKOMUNIKAZIOA

10. OBRA TXIKIEN LIZENTZIA ESKARIA

Hori horrela, Antolakuntza teknikariak jakinarazi duenez, tramite guzti horiek jada prest daude, Egoitza Elektronikotik egin ahal izateko. Gainera, zehaztu duenez, obra txikien lizentzia eskariaren kasuan, hobekuntzak egin dira, tramitea sinplifikatu eta Aurre-komunikazio bidezko obra txikien lizentzia martxan jartzeko prest dauka Udalak, ezaugarri zehatzak dituzten obren kasuan, eskatzen den momentu berean lizentzia eskuratu ahal izateko.

2019 urte hasieran, herriko aholkularitza enpresa guztiekin bilerak egin ditu Udalak, Egoitza Elektronikoa aurkeztu, ekarpenak jaso eta aurrerantzean euren tramitazioa zein euren bezeroekin egin beharreko tramiteak (hala badagokio) elektronikoki egiten hasi daitezen.

Horrela, elektronikoki tramitatzeko prest dauden enpresei, jakinarazpen elektronikoa bidaliko die Udalak hurrengo egunetan, Egoitza Elektronikotik jaso eta aurrerantzean, modu honetan tramitatzen hasteko.

Laguntza behar dutela jakinarazi duten enpresekin eta herriko elkarteekin maiatzean, bilerak antolatuko dira, euren beharrizan zehatzak kontuan izanda, laguntza eskaini, baliabideak zelan eskuratu (ziurtagiri elektronikoak, aukerak…) adierazi eta behar izatekotan formakuntza saioak antolatzeko.

Hasiera honetan, Udalaren E-administrazio proiektu honetarako, Udalak BERHAZ-Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez emango dio aholkularitza-zerbitzua herritarrari (aurrez aurre, “010” telefono zenbakiaren bidez, emailez: berhaz@bermeo.eus edo eadministrazioa@bermeo.eus eta webgunearen bitartez: bermeo.eus). Erregistro arloko aholkularitza bulego izaera, berak duenez, egoitza elektronikoa behar bezala erabiltzeko zein interesdunak elektronikoki izapidetzeko eduki ditzakeen bestelako eremuetan laguntza eskaintzeko gunea BERHAZ izango da.

Era berean, arazo tekniko edo informatikoekin egon ahal diren zalantzekin laguntzeko gainera be, Udal informatikoak arreta eskainiko dute. Enpresa eta elkarteekin egindako bileretan, hainbat ekarpen eta hobetzeko aukera jaso dira. Udalak guzti horiek aztertu eta martxan jartzea du helburu, E-administrazioa Bermeon modu errez eta elkarte, herritar zein enpresen beharrizanetara egokituta ezartzeko.

 

 

 

 

 

 

09 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0