Albisteak

Albistea

Bokarta eta garagardoa Bertoko Produktuen Udaberriko IV. Azokaren protagonistak maiatzaren 6an, zapatuan

Umeentzako tailerrak, taloa, arrain kontserbak eta bertoko lehen mailako produktuak eskainiko ditu Udaberriko azokak giro paregabean

 

 

Bertoko produktuen Udabarriko IV. azoka egingo da Bermeoko azokan maiatzaren 6an, zapatuan, goizean zehar, 9:00etatik 15:00etara, eta garagardoa eta bokarta pintxoa izango dira bere protagonista garrantzitsu batzuk. 

Baina beste protagonista asko be izango ditu udaberriko azokak, izan ere, bertaratzen diren pertsona guztiek garagardo dastaketa, bokarta pintxoa, taloa, gozoak eta baserriko lehen mailako produktuak, produktu ekologikoak eta Bermeoko enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera izango dute. Horrez gain, umeek ere tailerretan ondo pasatu ahal izango dute, eurei zuzendutako aurpegia margotzeko eskulan tailerrak antolatu baitira, 11:00etatik 13:00etara. 

Irune Ormaetxea, Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Ainhoa Maguregik, Bermeoko Azoka Elkarteko (Berazel) ordezkariak, eta azokako merkatariek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan maiatzaren 6an, zapatuan, egingo den Bertoko Produktuen Udabarriko IV. Azoka. 

Ildo honetan, adierazi dutenez, udaberriko azokaren protagonistak bertoko produktuak izango dira, eta, bokarta sasoiko produktua dela kontuan hartuz, bokarta pintxoen dastaketa egingo da goizeko 12:00etatik 14:00etara. Horrez gain, garagardoa dastatzeko aukera egongo da eta taloaren txosna ere izango dugu. 

Era berean, azokako saltokiek euren kalitatezko bertoko produktuak eskainiko dituzte, eta gozoak, produktu ekologikoak eta Bermeoko enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera ere egongo da. Guzti hori euskal musikarekin girotuta egongo da, Bermeoko azokan giro aparta sortuz. Umeek ere euren tokia izango dute azokan, etxeko txikienei zuzendutako eskulan tailerrak egongo baitira 11:00etatik 13:00etara. 

Ormaetxeak adierazi duenez, udaberriko azoka honekin Bermeoko plaza indartu nahi da eta sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren eta arrantzaleen onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako. 

Bermeoko Udalak eta Berazel-ek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bertoko produktuen Udabarriko azokara etortzera maiatzaren 6an, zapatuan 9:00etatik 15:00etara eta Bermeoko azokak parking-a duela gogoratu dute erosketak errazago egin ahal izateko. Horrez gain, Bermeoko azoka bariku arratsaldeetan ere irekita dagoela gogoratu dute. 

 

 

 

02 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0