Albisteak

Albistea

Bermeoko Portua garbitzeko auzolana egingo da urriaren 6an, zapatuan

 

Bermeoko Izaro Sub urpeko taldeak,  Bermeoko eta Mundakako Udalen, EKP eta beste erakunde eta enpresa batzuen laguntzarekin, urriaren 6an, zapatuan, Bermeoko portua garbitzeko, (bai itsas azalera bai itsaspeko hondoa),  auzolana antolatu du, bi helbururekin: batetik, portuko itsas hondakinak garbitzea eta, bestetik, herritarrak arazo honi buruz sentsibilizatzea. Gainera, auzolan honetan umeentzako ekimen berezi bat egongo da; izan ere, belaontzian eta Hegaluze itsasontzian irteteko aukera izango dute hondakinak biltzera. 

Horrela hitzordua 9:00etan izango da Bermeoko Portuan, Izotz Fabrikaren aurrean, eta, ordu horretan, itsasoaren egoeraren arabera, urpekariek Portua, Hondartzape eta Xixili kaiaren inguruko hondoen garbiketa egingo dute. 

10:00etan herritarren laguntzarekin Frantxua kalaren garbiketa egingo da lehorretik eta ordu horretan beiraren birziklapenaren garrantziari buruzko Birziklapenean jaioak gara’ informazio gunea jarriko da, Portuan eta bertan informazioa jasotzeaz gain, jolasteko eta tailerretan parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Zozketa bat ere izango da. 

10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan umeentzat belaontzian irteerak egingo dira Olatu eskultura aurretik, itsas_hondakinak batzeko eta 10:30ean Hegaluze itsasontzian umeentzako irteera egingo da helburu berdinarekin. 

13:00etan batutako hondakinen sailkapena egingo dute boluntarioek eta, ondoren, datuak Marnoba plataformara igoko dituzte, izan ere, plataforma horren helburua da era erraz batean gure kostaldeko itsas_hondakinen informazioa batzea, gordetzea eta jakinaraztea. 

Marnobaren bidez, karakterizazioak egiteko ez da paperik eraman behar eta horrek itsas_hondakinei buruz lortutako informazioa (kategoriak, objektuak eta kantitateak) batzea, gordetzea eta proiektuaren webguneko bisorera bidaltzea errazten du. Isurketa Zero elkarteak bultzatutako Marnoba plataformaren proiektua MAGRAMAren eta KAI Marine Services-en laguntzarekin garatu da. 

Sailkapena egin ostean, indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa jateko aukera izango dute eta boluntarioei opariak banatuko zaizkie. Ekimenari bukaera emateko, Iberostar hotelen kateak kategoria ezberdinetan antolatutako argazki lehiaketara aurkeztuko diren argazkiak emango dira. Argazki guztien gaia itsas garbiketa izango da eta kategoriak honako hauek izango dira: urpeko argazkiak, herritarrak hondakinak batzen eta umeak hondakinak batzen. 

Bermeoko Portua eta kostaldea garbitzeko auzolana Itsas Zaindarien Sareak antolatutako Itsas Hondoen IV. Nazio Garbiketa ekimenaren barne kokatzen da eta kostako 30 toki baino gehiagotan aldi berean egingo den itsaspeko hondoen garbiketa bat izango da; izan ere, itsas hondakinak gure ozeanoen biodibertsitatearen mehatxu garrantzitsu batean bihurtu dira, ingurugiroaren kontrako, fauna eta florari kalte egiten diona, baina baita ere gizakiari. Ekimen hau Libera Proiektuaren ‘1 m2 por las playas y los mares izeneko jardueraren 2. edizioaren barne kokatzen da,  SEO/Birdlifek Ecoembesekin bultzatutakoa. 

Joan den ekainaren 16an ere Libera Proiektuaren ‘1 m2 por las playas y los mares’ izeneko jardueraren barne, urpekari boluntarioek itsasotik 20 tona hondakin atera zituzten eta, Bermeon ere, Portua garbitzeko auzolana egin zen Izaro Sub taldeak antolatuta. Balorazioa oso positiboa izan zen; 40 parte hartzaile inguru batu zirelako, zabor pila batu zutelako, eta giro polita sortu zelako Portuan. 

Hori dela eta, antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte auzolan honetan parte hartzera, “gure ingurua zaintzeko eta aldi berean ondo pasatzeko aukera paregabea izango baita urriaren 6an, zapatuan, Bermeoko portuan”.

 

01 / 10 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0