Albisteak

Albistea

Altzariak eta etxetresna elektrikoak batzeko zerbitzuak erabiltzeko eta sastarrak dagozkien edukiontzietan botatzeko eskatu die Udalak herritarrei

 

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko Zerbitzuetako eta Udaltzaingoako zinegotziak, herritarrei eskatu die Garbigunea eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua erabiltzeko bai altzariak bai etxetresna elektrikoak botatzeko, eta sastarrak beti ere dagozkien edukiontzi barnera botatzeko. 

Ibarrolazak adierazi duenez, Udaltzaingoak zaintza bereziak egiten ditu, baina, hala ere, azken asteotan “Bermeoko hainbat tokitan (Talan, Kurtzion, Arresin, Askatasun Bidean, Zarragoitxin…), altzariak, etxetresna elektrikoak eta sastarrak ikusten ari gara kalean, edukiontzien inguruan, botata, zikinkeria sortuz, eta herriaren irudi onaren kalterako”. 

Alkateordeak salatu duenez, herria zikinkeriaz betetzen dituzten jarrera horiek “ez dira bidezkoak” eta “isunak 500 eurokoak izan daitezke”. Horrez gain, badaudela altzariak eta etxetresna elektrikoak biltzeko zerbitzuak gogoratu du, “dohainekoak gainera”. 

Izan ere, adierazi duenez, Bermeon bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daude; alde batetik, Garbigunea, eta, beste alde batetik, etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua. Bi zerbitzu horiek dohainak dira herritarrentzako. 

Ibarrolazak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzarekin bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua eskaintzen du. Altzari zaharrak batzeko eguna eguaztena da eta altzariok martitzen gauean utzi behar dira kolar aurrean edota sastar batze puntu gertuenean, betiere, edukiontzien batze zerbitzua oztopatu barik. Aurretiaz abisatzea derrigorrezkoa da telefono honetan: 94 612 11 77. Abisuak zuzenean emateko ordutegia honakoa da: neguan 7:30etik 16:30era eta udan 7:30etik 15:30era. 

Bestalde, adierazi duenez, Garbigunea ere badaukagu Bermeon, Landabasoko industrialdean, eta bertara altzariak eta etxetresna elektrikoak eraman daitezke; izan ere, Garbiguneak etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak dira. Garbigunearen telefonoa 946187186 da eta ordutegia astelehenetik barikura 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara eta zapatuetan 9:00etatik 13:30era. 

Sastarrei dagokienez, “mesedez dagozkien edukiontzi barrura botatzeko eta inguruan ez uzteko” eskatu die herritarrei: Papera eta kartoia edukiontzi urdinera, beira berdera, plastikozko ontziak eta latak horira eta beste era bateko sastarrak berde ilunera, besteak beste. 

“Gure herria garbi eta politxo mantendu nahi badugu ezinbestekoa da zerbitzu horiek erabiltzea, eta hondakinak dagozkien lekuetan uztea eta ez edukiontzien inguruetan botata; herritarren inplikazioa garrantzitsua da Bermeo garbi-garbi mantentzeko”, azpimarratu du. 

Talako komuna 

Bestalde, Ibarrolazak Talako komun publikoan gertatutakoa salatu du, identifikatu ez den pertsona batek edo gehiagok, kakaz bete baitute komun guztia (komuna bera, zorua, atea, eskulekuak…). “Gure herriko ondarearen kontrako mota horretako ekintzak gure herritarren ongizatearen kontrakoak dira”, adierazi du. Azkenez, Ibarrolazak honelako “gertaerak saihesteko hausnarketa egitea beharrezkoa” dela adierazi du.

 

 

 

 

29 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0