Albistea
Bermeoko Eskolarteko XII. Olinpiada egingo da ekainaren 4an, zapatuan, Araneko kiroldegian, 10:00etatik 12:00etara ‘Kirolari Ateak Zabalik’ jardunaldiaren barne. Bermeoko Eskolarteko XII. Olinpiada Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte zahar Atletismo Taldeak antolatutako kirol ekintza da eta lehen hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta dago, hau da, sei eta hamabi urte bitartekoei.
Horrela adierazi dute gaur egindako prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Kirol zinegotziak, eta Ana Uriartek eta Jon Iturbek Taraska Gazte-Zahar Atletismo taldeko kideek.
Bermeoko Eskolarteko XII. Olinpiadari dagokionez, azaldu dutenez, Kirol ekintza honen barne atletismoko proba ezberdinak egin ahal izango dira, hala nola, pisu jaurtiketa, disko jaurtiketa, altuera jauziak eta luzera jauziak. Horiez gain, lasterketa ere egingo da, eta horren metro kopurua ezberdina izango da adinaren arabera.
Kirol horiek egiteko lau gune antolatuko dira. Lehenengo gunean jaurtiketak egingo dira eta horretan LH 1 eta 2ko haurrek parte hartu ahal izango dute. Bigarrenean, LH3 eta 4ko umeek altuera jauziak egin ahal izango dituzte, eta hirugarrenean LH5 eta 6ko ikasleek luzera jauziak egiteko aukera izango dute. Azkenez, laugarren gunean lasterketa egingo da eta hemen ume guztiek parte har dezakete.
Ekimen honetan lagundu nahi duten pertsona guztiek aukera izango dutela adierazi dute, izan ere, gune bat jarriko da eta bertan boluntario izan nahi dutenek izena emateko aukera izango dute.
Iturbek adierazi duenez, ume bakoitzak bere ikastetxean eman behar du izena. Olinpiaden bukaeran ume bakoitzari domina bat, kamiseta bat eta ur botila bat emango zaio.
Urtero ehun umek baino gehiagok parte hartzen dute Bermeoko Eskolarteko olinpiadetan. Horrela, Ormaetxeak, Uriartek eta Iturbek 6 eta 12 urte bitarteko ume guztiak animatu dituzte Bermeoko Eskolarteko XII. Olinpiadetan parte hartzera.
‘Kirolari Ateak Zabalik’
Bermeoko Eskolarteko XII. Olinpiada ‘Kirolari Ateak Zabalik’ jardunaldiaren barne kokatzen da, ekainaren 4an eta 5ean izango dena Bermeon. Horrela, Kirol zinegotziak azaldu duenez, herriko hainbat lekutan zenbait kirol jarduera egin ahal izango dira, eta herritar guztiek kirolarekin gozatzeko aukera izango dute. Horrela, Eskolarteko XII. Olinpiadaz gain, ekainaren 4an, arte martzialen gunea egongo da Lamerako kioskoan 11:30etik 13:00etara eta 12:00etatik 14:00etara dantzen gunea egongo da Lameran.
Azken honetan, line dance, areto dantzak eta gimnasia erritmikoaren saio zuzenduak eta erakustaldiak egingo dira. Ekainaren 5ean, domekan, eskubaloi gunea egongo da Lameran 12:00etatik 14:00etara.
Irune Ormaetxeak adierazi duenez, ‘Kirolari ateak zabalik’ kirol jaia Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalarekin batera antolatzen du. Horrez gain, adierazi duenez, jardunaldi hau egitea posible da kirol taldeei esker eta, horregatik, Taraska Gazte-Zahar atletismo taldeari, Urdaibai eskubaloi taldeari, Karate taldeari eta Xixili Gimnastika taldeari eskerrak eman dizkie.
“Jaiak jolas-izaera dauka eta herritar guztiek parte hartu ahal dute, izan ere, jarduerak parte-hartzaileen maila fisikoaren arabera egokituta daude”, adierazi du. Bere esanetan, “kirola integratzeko eta hezteko tresna da, erreminta osasungarria eta pizgarria”.
‘Emakumeak Korrika? Bai zergatik ez?’
Ildo honetan, beste kirol ekimen bat ere aipatu dute Ormaetxeak eta Ana Uriartek, izan ere, joan den maiatzaren 14an hileko kirol ekimenaren barne ‘Emakumeak Korrika? Bai zergatik ez?’ ekimena egin zen eta bere helburua emakumeek korrika egiteko hasierako taldea sortzea zen.
Uriartek azaldu duenez, balorazioa “oso positiboa” da, izan ere, “30 emakume elkartu ginen maiatzaren 14an eta talde bat sortu dugu korrika egiteko. Momentu honetan 48 emakumeko taldea dugu eta ilusio handia”. “Lau egun astean elkartzen gara hamar-hamabost emakume inguruko taldea korrika egiteko, bakoitza ahal duen egunean etortzen da”, adierazi du.
Korrika egiteko hitzordua martitzen, eguazten eta eguenetan da 20:30ean eta zapatuetan 9:15ean San Martinen. “Gainera, Whatssap talde bat sortu dugu korrika egiten gelditzeko”, adierazi.
Uriartek nabarmendu duenez, talde hau “irekia” da eta nahi duten emakume guztiek parte hartu ahal dute. Beraz, korrika egin nahi duten emakume guztiei animatu die. “Araneko kiroldegian izena eman eta taldearen parte izango da”, adierazi du.
Kirol Saileko zinegotziak, azaldu duenez, ekimen honen bidez, kirol ohiturak ez dituzten emakumeei hasierako bidean laguntza eman nahi zaie. Horrez gain, adierazi duenez, “jarduera fisiko osasuntsu eta dibertigarriaz baliatuz, emakumearen ahalduntzearen eta ikusgaitasunaren elkargunea sortu nahi dugu eta honetan edonork aurki dezake parte hartzeko eta egokitzeko aukera”.
“Gainera, emakumeak espazio publikoak okupatzen dituzte kirola kalean eginez, espazio itxietatik ateraz”, gaineratu du. Ildo berean, Ormaetxeak nabarmendu duenez, “emakumeen bestelako eredu eta irudiak sortu eta bultzatu nahi ditugu”.
Horrela, Bermeoko Kirol zinegotziak Kalean korrika hasi nahi duten 30 urtetik gorako andra guztiei saio honetan parte hartzera animatu ditu.
010 (94 617 91 00)