Albistea
Filmazpit euskerazko azpitituludun zinema zabaltzeko programaren barne, bigarrenez, otsailaren 22an, eguaztenean, ‘Fènix 11*23’ film katalana ikusteko aukera izango dugu Bermeoko Nestor Basterretxea zinema aretoan arratsaldeko 19:00etan, dohainik.
Joel Joanek eta Sergi Larak zuzendutako film honetan, 2004. urteko udazkenean, Èric Bertran 14 urteko mutil gazteak 'Harry Potter eta Fenixaren ordena' liburuan oinarritutako webgune bat sortu zuen katalana babesteko asmoz. Gau batean, Madrileko terrorismoaren kontrako brigadako 30 guardia zibil bere etxean indarka sartu eta terrorista informatikoa izatea leporatu zioten. Gazteak egindako krimena: supermerkatu-kate bateri mail bat bidali katalanez etiketatzeko eskatuz.
"Fenix 11:23" benetako historia batean oinarrituta dago, Kataluinan 2004an gertatutakoa, hain zuzen. Filma 2012an estreinatu zen, eta boterearen gehiegikeria eta hizkuntza gutxituak gaiak lantzen ditu. Pelikulak 96 minutuko iraupena dauka eta jatorrizko hizkuntza katalana eta gaztelera dira. Bermeon euskarazko azpitituluekin eskainiko da.
Filmazpit euskerazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa Donostia Kulturak kudeatzen du Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren laguntzarekin. Filmazpit programak, Euskadiko eta kanpoko hainbat zinemalditan, jorratzen dituzten gaiengatik interesgarriak diren filmak hautatzen ditu, euskaraz azpititulatu eta katalogoan sartzeko.
Ondoren, filmen katalogoa erabiltzaileen esku jartzen du proiekzio ez komertzialak antolatzeko. Erakundeek, udalek, kultur eragileek edota irakaskuntza zentroek programatu ahal dituzte saioak. Film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira. Katalogora gehitu diren azken filmak "Udako amodio bat" eta "Fatima" izan dira.
Bermeoko Udalak Filmazpit euskerazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa ekarri du Bermeora eta, horrela, urtarrilean “Udako amodio bat” filma proiektatu zuen, eta otsailaren 22an, eguaztenan, “Fènix 11:23” proiektatuko du. Horrela, herritar guztiei pelikula hau ikusteko gonbitea luzatu die.
010 (94 617 91 00)