Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak aurreikusita zituenak baino 1.000 bonu gehiago jarriko ditu abenduan salgai herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko

-Guztira, Udalak 77.500 euro inbertituko ditu ekainean abiarazi zuen kanpaina honetan, ia 8.000 bonutan banatuta

Bermeon, 2020ko abenduaren 1ean.- Bermeoko Udalak aurreikusita zituenak baino 1.000 bonu gehiago jarriko ditu herritarren eskura abenduan zehar. Izan ere, ekainean abiarazi zuen bonuen kanpainak arrakasta itzela izan du eta, bermeotarren erantzun ona ikusita, Udalak beste 1.000 bonu gehiago salmentan jartzea erabaki du. Kanpaina honen helburua da herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea eta herritarrek euren erosketak egiteko erraztasun gehiago izatea. Guztira, Udalak 77.500 euro inbertituko ditu ekimen honetan, ia 8.000 bonutan banatuta.

“Oso pozik gaude “Nik, BermeON” egitasmoaren barruan martxan jarri genuen bonuen kanpaina izaten ari den erantzunarekin. Gure helburua zen herriko saltoki, ostalaritza establezimendu eta turismo enpresak laguntzea eta nik uste neurri batean lortu dugula. Ez dira garai errazak inorendako eta espero dugu ekimen honek laguntzea. Erantzun ona ikusita eta Gabonetan gastu garrantzitsuak egiten direla ikusita, Udaletik ere ahalegina egin dugu kanpaina honi beste bultzada bat emateko”, azpimarratu du Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak.

Hilabete honetan, hala ere, aldaketa egongo da. Izan ere, 6 euroko bonurik ez da salgai jarriko eta, gainera, aurreko hilabeteetan ez bezala, bonu guztiak establezimendu parte hartzaile guztietan erabili ahal izango dira. Honela, bi bonu mota aurkituko ditu herritarrak, 106 saltokitan erabili ahal izango dituenak: 10 eurokoa (15 euro izango ditu gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro izango ditu gastatzeko). Hori bai, beti bezala, erosketa bakoitzean, gehienez, bonu bi erabili ahal izango dira eta pertsona bakoitzak 4 bonu erosteko aukera izango du. Azkenik, abenduan erosten diren bonuak abenduan bertan erabili beharko dira.

Bonuak erosteko aukera bi daude:  KUTXABANKeko SEJ terminalean (Bermeoko kasuan Lameran dagoen bulegoan) edo modu digitalean (Bermeoko webgunean jarritako loturaren bitartez). KUTXABANKeko bezeroentzako ez du inolako gain kosturik, gainerakoentzat, ordea, bonu bakoitzeko 0,73 euro.

01 / 12 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0