Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Bermeoko historiaren garai bat jasotzen duen murala margotu du Talakoetxea 2ko enparantzan

 

Bermeoko Udalak, Barrueta Arte Elkartearen eta Bittor Uriarte herriko historialariaren laguntzarekin, Bermeoko Talakoetxea 2ko enparantzatxoan mural bat margotu du. “Mural horren bitartez Bermeoko gune honek historiako beste garai baten zuen itxura erakusten da, zelan bertatik Izaro eta Ogoño ikusten ziren, eta, aldi berean, arte lan horrekin Alde Zaharreko gune hori edertzen dugu”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak, gaur egindako muralaren aurkezpenean.

Ormaetxea aurkezpenean Bittor Uriarte historialariarekin; Pedro Lazpiur murala oinarritu den ‘Ametsetan’ koadroaren egilearekin, eta Josu Urkidi, muralaren egilearekin, egon da, izan ere, horma irudia “guztion elkarlanaren emaitza izan da”.

Turismo eta Garapen zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko Udalak edertze planaren barne, hainbat eraikinen horma arte urbanoarekin edertu daitezkeela ikusi  zuen, hauei beste balio bat emateko.

Horrela, bere esanetan, Alde Zaharra indartzeko eta biziberritzeko Bermeoko Udalean dagoen lan taldeak, Talakoetxea eta Andra Mari kaleen tartean dagoen enparantzatxoan mural bat egitea “oso interesgarria” izango litzatekeela ikusi zuen, izan ere, gune hau Alde Zaharrean “oso garrantzitsua da, Baztarrera joateko bidea delako bai turistek zein bermeotarrok asko erabiltzen duguna”.

“Baina horma irudia arte lan bat izatea nahi genuen eta, horrez gain, Bermeoko historia ere jasotzea”, adierazi du. Horregatik, esan duenez, alde batetik, Barrueta Arte Elkartearekin eta, beste alde batetik, Bittor Uriarte historialariarekin, harremanetan jarri ginen euren ikuspuntu artistikoa eta historikoa ezagutzeko.

“Horrela gaur aurkezten dugun mural hau elkarlanean egindako lanaren emaitza da. Pedro Lazpiurrek margotutako ‘Ametsetan’ koadroan oinarrituta eta Josu Urkidi margolariak egindako lana da murala, eta bertan Bermeoko Talakoetxea gunean, etxeak oraindik eraiki gabe zeuden sasoian zegoen paisai izugarria ikus daiteke”, azaldu du.

Irune Ormaetxeak Barrueta Arte Elkarteari, Lazpiurreri, Urkidiri eta Uriarteri eskerrak eman dizkie mural honekin “Talakoetxea eta Alde Zaharreko gune hau edertzea lortu dugulako eta, aldi berean, garai bateko Bermeo zelakoa zen erakutsiko dugulako arte lan honen bidez”.

15 / 07 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0