Haurren artean literatura zaletasuna pizteko Kontuleku tailerra urriaren 3an hasiko da Bermeon
Haurren artean literaturarekiko zaletasuna pizteko Kontuleku ekimena urriaren 3an berriro jarriko du martxan Bermeoko Udal Liburutegiak. 3 eta 6 urte arteko haurrei zuzenduta, liburuekiko maitasuna sustatzeaz gain, ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker, umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotu nahi dira Kontulekuren bitartez.
Kontuleku tailerra 2017ko urriaren 3tik azaroaren 28ra egingo da Udal Liburutegian; martitzenetan izango da eta guztira bederatzi saio izango dira. Bi talde antolatuko dira: alde batetik, 3 eta 4 urteko haurren taldea (17:15-18:15), eta, bestetik, 5 eta 6 urtekoena (18:15-19:15). Talde bakoitzean zortzi umek parte hartu ahal izango dute guraso batekin.
Liburutegiko arduradunek azaldu dutenez, landuko diren alorren artean daude afektibitatea, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak, besteak beste. “Gurasoek beren seme-alabekin bizipenak partekatzeko hainbat baliabide aurkituko dituzte espazio honetan: soinu jolasak, jolas lirikoak eta antzerkia”, gaineratu dute. Egun bakoitzean jarduera eta gai desberdinak jorratuko dituzte. Gurasoei, bibliografia eta etxean lantzeko jarraibideak emango dizkiete hala nahi izanez gero.
Ekimen honetan parte hartu gura dutenek Bermeoko liburutegian eman beharko dute izena eta doakoa da.
13 / 09 / 2017