Albisteak

Albistea

Abuztuaren 1etik 5era Bermeoko XXXI. Nazioarteko Musika astean bost kontzertu eskainiko dira

Alos Quartet, Bilbo Sax Quartet, Carlos Goikoetxea, Patricia Kraus eta Bermeoko Abesbatzaren kontzertuekin disfrutatzeko aukera eskainiko du Musika Asteak

 

Abuztuaren 1etik 5era izango den Bermeoko XXXI. Nazioarteko Musika Astean hainbat estilotako kontzertuak entzun ahal izango dituzte bertaratzen diren guztiek. Horrela, Alos Quartet, Bilbo Sax Quartet, Carlos Goikoetxea, Patricia Kraus eta 60 urte betetzen dituen Bermeoko Abesbatzaren kontzertuekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeoko Musika asteak. Kontzertu guztiak dohainik izango dira Patricia Krausena izan ezik, bere sarrera 5 euro izango baita.

Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Susana Regidorrek, Kultura teknikariak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan kalitatezko aukera zabala eskainiko duen Bermeoko XXXI. Nazioarteko Musika Astea.  Bertan adierazi dutenez, Musika Astearen eszenatoki izango dira  Santa Maria eliza eta Bermeoko Kafe Antzokia, izan ere, azken honetan izango da Patricia Krausen kontzertua abuztuaren 4an..

Astuik azaldu duenez, Bermeoko XXXI. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 1ean, astelehenean, musika klasiko nahiz modernoan ibilbide artistiko zabala duten musikariek osatzen duten Alos Quartet taldearen kontzertuarekin hasiko da Santa Maria Eleizan arratsaldeko 20:00etan.

Bere errepertorioan,-adierazi duenez-,  Alos Quartet-ek gaur egungo musikaren esparru zabal eta anitza jasotzen du, harizko laukote klasikoaren ikuspegi berria erakutsiz. Kontzertuan bere bakarkako hirugarren diska aurkeztuko du, ‘Garden’. Honetan erritmo ezberdinak aurkitzen ditugu, arin arin edo fandangotik vals gozoetaraino. Sarrera dohainik da.

Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, bigarren kontzertua abuztuaren 2an, asteartean, Santa Maria Elizan izango da arratsaldeko 20:00etan eta, horretan, Bilbo Sax Quartet  izango dugu. Bilbo Sax Quartet saxofoien talde modularra da, hain zuzen ere, laukotea osotzen duten kide klasikoez osatutakoa (sopranoa, altua, tenorea eta baritonoa).

“Bilbo Sax Quaretetek 60, 70 eta 80 hamarkadei eskainitako kontzertu baterako proposamena aurkezten du. Horrela, sentsazio eta oroitzapenez beteriko egitarau fina eskainiko du, hain nabarmenak izan diren hamarkada hauetan abesten genituen abestiez gozatzera eramango gaituena”, esan du. Sarrera dohainik da.

Abuztuaren 3an, asteazkenean, 20:00etan, Santa Maria elizan Carlos Goikoetxea piano-joleak kontzertua eskainiko du. Astuik azaldu duenez, Carlos Goikoetxeak (1991) hainbat lehen sari jaso ditu, esate baterako, Frechilla-Zuloaga 2013 Pianoko kontzertuan, Infanta Cristina, Steinway Saria… Oso gaztetatik hasi zen orkestrekin jotzen, besteak beste, Moskuko Estatuko Sinfonikarekin, eta Castilla eta Leongo, Bilboko eta Bizkaiko Sinfonikekin. Gaur egun, Wolfgang Brunnerekin Fortepiano Master bat egiten ari da Salzburgon.

2013an Antonio Joseren berreskuratutako pianorako obrekin ‘El canto del dolor’ deituriko CD bat argitaratu zuen. Urte berean Parisen aurkeztu zuen ‘Hexameron’ deituriko CDa. Kontzertu honen sarrera ere doan da.

Patricia Kraus

Abuztuaren 4an, ostegunean, 20:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian Patricia Kraus-en kontzertua entzuteko aukera izango dugula gogoratu du Astuik. Kraus Milanen jaio zen baina umetatik Espainian bizi izan da. Bere ikasketa musikalak 9 urterekin hasi zituen eta bere formazio bokala zabaldu zuen Lina Huarte sopranoarekin eta bere aitarekin, Alfredo Kraus, tenore mitikoarekin. Bere formazioa klasikoa izan arren, musika modernora jo du.

“Pertsonalitatea duen abeslari bat da, bakarra, nahastezina eta ordezkaezina, lehen notatik azkenekora arte”, nabarmendu du Astuik.  Patricia Kraus abeslariaren kontzertuaren sarrera bost euro da eta jadanik salgai dago Gizarte eta Kultur etxean, Kutxanbank-eko orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es-en. Aforoa mugatua da.

Musika asteari amaiera emateko abuztuaren 5ean, ostiralean, aurten 60 urte betetzen duen Bermeoko Abesbatza izango da Santa Maria elizan arratsaldeko 20:00etan. Bermeoko Abesbatzako kide den Aingeru Astuik adierazi duenez, Bermeoko Abesbatza 1956an sortu zen, uriko parrokietako koro eta bermeotarren musikarekiko beti egon den zaletasun eta gogo handiak eraginda.

Bere esanetan, abesbatzaren kantu bilduma orotarikoa eta aberatsa da: euskal eta nazioarteko musika, polifonia, olerki lirikoa, musika sakroa… Abuztuaren 5ean musika sakroaren kontzertua eskainiko dute, lehenengo zatia José Ramón Rodríguez Vadillo organo-jotzailerarekin eta bigarrena Begoña Pereira Uriarte piano-jotzailearekin. Zuzendaria Karmele Barrena da. Kontzertu hau dohainik izango da.           

“Beraz, musika eskaintza zabala izango dugu Bermeoko XXXI. Nazioarteko Musika Astean eta Bermeoko Udaletik pertsona guztiak gonbidatu ditugu kontzertu hauetan parte hartzera eta musikarekin gozatzera”, nabarmendu dute Astuik eta Regidorrek.

27 / 07 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0