Albisteak

Albistea

Piper berdea izango da Bertoko Produktuen Udako III. Azokaren protagonista abuztuaren 6an, zapatuan

Umeentzako tailerrak, taloa, kontserbak eta bertoko lehen mailako produktuak eskainiko du Udako azokak giro paregabean

Bertoko produktuen Udako III. azoka egingo da Bermeoko azokan abuztuaren 6an, zapatuan, goizean zehar (9:00etatik 15:00etara) eta piper berdea, sasoiko produktua, izango da bere protagonista garrantzitsu bat. Horrela, piper berdeen dastatzea egingo da goizeko 12:00etatik 14:00etara. Dozena erdi piper, euro baten truke egongo dira salgai eta aurten tortillaz beteriko piperrak ere dastatu ahal izango dira. 

Baina beste protagonista asko be izango ditu udako azokak, izan ere, bertaratzen diren pertsona guztiek piper berdea, taloa, gozoak eta baserriko lehen mailako produktuak, produktu ekologikoak eta Bermeoko enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera izango dute eta umeek ere tailerretan ondo pasatu ahal izango dute, eurei zuzendutako tailerrak antolatu baitira. 

Horrela adierazi dute gaur Bertoko Produktuen Udako III. Azoka aurkezpenean, Amaia Elorzak, Lurgintza Saileko zinegotziak, eta Pili Etxebarrietak, Bermeoko Azoka Elkarteko (Berazel) bozeramaileak eta azokako merkatariek. Eurekin batera egon da Hezur muina emateko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri duen herritarrak, izan ere, aurtengo udako azokak izaera solidarioa ere izango du, talde honek bertan mahai solidarioa jarriko baitu. Talde honetako kide den Ibai Gabantxok azaldu duenez, mahai honetan jendeak egindako eskulanak salduko dira eta jasotako dirua Aspanovas, Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen elkartera, zuzenduko da. 

Horrez gain, Udako III. Azokan azokako saltokiek euren kalitatezko bertoko produktuak eskainiko dituzte, eta gozoak, produktu ekologikoak eta Bermeoko enpresetako kontserbak eskuratzeko aukera ere egongo da. Guzti hori euskal musikarekin girotuta egongo da, Bermeoko azokan giro aparta sortuz. Umeek ere euren tokia izango dute azokan, etxeko txikienei zuzendutako tailerrak egongo baitira 11:00etatik 13:00etara. 

Amaia Elorzak adierazi duenez, udako azoka honekin Bermeoko plaza indartu nahi da eta sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako. 

Bermeoko Udalak eta “Berazel” merkatarien elkarteak pertsona guztiak gonbidatu dituzte Udako Azoka honetara etortzera euskal giro politean, bertoko produktuak,  taloa, txakolina eta sagardoa dastatzeko eta balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko. Azokara sartzeko parking zerbitzua ere izango dute bezeroek.

 

03 / 08 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0