Albisteak

Albistea

Botilak eta kartoia batzeko kanpaina bereziak Bermeoko Arrain Azokan

 

Bermeoko Arrain Azokaren barne, maiatzaren 20, 21 eta 22an, Bermeoko Udalak, Ecovidrio enpresarekin batera, bigarren urtez kanpaina berezi bat jarriko du martxan azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez biltzeko. Kanpaina honetan 43 tabernek parte hartuko dute. Horrez gain, aurten lehenengo aldiz, kartoia batzeko kanpaina berezia ere jarriko du martxan Udalak, izan ere, kartoi eta paper asko biltzen dira azokaren gunean egun hauetan.

Beirazko botilak batzeko kanpainari dagokionez, Irune Ormaetxeak, Ingurumen, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, azaldu duenez, iaz jarri zen lehenengo aldiz kanpaina hau martxan eta balorazioa guztiz positiboa izan da. “41 tabernek parte hartu zuten eta ostalariak pozik egon ziren. 10 edukiontzi arrantzale baten irudiarekin apaindu ziren eta guztira 28.700 kilo beira batu ziren 3 egunetan, 15.000 kilo biltzea aurreikusten zenean”.

 “Kanpaina honen bidez, Udalak, Arrain azoka egunetan, botilen birziklapena gehitzea nahi du. Horretarako laguntza bat ematen diegu azoka inguruko ostalariei”, azaldu du Irune Ormaetxeak. Izan ere, gogoratu duenez, “egun horietan jendetza handia batzen da eta tabernariek sarritan gainezka egoten dira beirazko botilak kaleko edukiontzi berdera eramateko”.

Horretarako, Lamera, Portuzarra eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan gurpildun kubo bat utziko da botilak bertan batzeko. Aurten, gainera, Alde Zaharreko zenbait taberna ere gehitu dira kanpaina honetara.

 

Azoka bitartean, hiru langile pasako dira aldizka lokal guztietatik kubo beteak kontenedore berdera eramateko eta bueltan hutsik ekartzeko. Bilketa hau ostiral eguerdian eta iluntzean egingo da, larunbat eguerdian, iluntzean eta gauean eta amaitzeko, igande eguerdian. Kanpainan parte hartzen duten ostalariei Kukuxumusuren hiru kamiseta oparituko zaizkie ingurumenarekin agertzen duten konpromisoa eskertzeko.

 

Bestalde, egun hauetan Arrain Azokaren gunean kartoi asko erabiltzen dela kontuan hartuta, aurten kartoia biltzeko zerbitzu berezi bat ezartzea ere erabaki du Bermeoko Udalak. Horrela, Arrain Azokaren jatetxe karparen atzeko aldean espazio bat egokituko da Arrain Azokako erakustokiak kartoia eta papera bertan tolestuta utzi dezaten eta hiru egunetan eguerdi aldera kamioi batek kartoi eta paper guztia batuko du.

 

“Ezinbestekoa da guretzat hain garrantzitsua den Arrain Azokan gure ingurumena guztion arten zaintzea eta horregatik jartzen ditugu martxan aipatutako ekimen hauek”, nabarmendu du Ormaetxeak.

17 / 05 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0