Albisteak

Albistea

Bermeoko Andra Mari jaiak bete-betean gozatzeko garbitasun zerbitzuak indartuko dira eta aldaketak egongo dira hainbat zerbitzutan

Irailaren 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an Lamera Txikitik Artzako biribilgunera trafikora itxita egongo da

 

 

Irailaren 7tik 16ra ospatuko diren Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritarrek bete-betean gozatzeko, hainbat aldaketa izango dira herriko trafikoan eta sastar batze zerbitzuan. Horrez gain, garbiketa zerbitzuak indartuko dira herria ahalik eta garbien izateko jaietan. 

Guzti horren berri eman dute gaurko prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak; eta Iñaki Lopezek, Gazteria zerbitzuko teknikariak. 

Ibarrolazak adierazi duenez, hartutako neurriak egun berezi hauetan “trafikoa bideratzea eta herria ahalik eta garbien izatea ahalbideratuko dute. Horrela, jaietako ekimenak ospatu ahal izango dira, eta, guztiok, bermeotarrak eta kanpotik datozenak, jaiekin disfrutatu ahal izango dugu”. Eraso sexisten kontrako mezu garbia eman dute Bermeoko alkateak. 

Barrakak, saltzaile ibiltariak eta txosnak 

Zerbitzuei dagokienez, Ibarrolazak azaldu duenez, aurten ere barrakak Olatua eskulturaren inguruan daude, eta aurten prezioak iazkoak bezalakoak izango dira. Honakoak izango dira: umeen atrakzioak 2 euro bidaia (bonoa 10 euro zazpi bidaia- 1,43 euro bidaia), eta nagusienak 2,50 euro bidaia (bonoa 10 euro 6 bidaia- 1,67 euro bidaia) eta atrakzio berezia 3 euro. 

Egun herrikoiak irailaren 5 eta 11 izango dira, eta egun horietan barrakek prezio merkeagoa dute, 1,20 euro baita ume eta nagusientzako barraken bidaiaren prezioa eta 1,50 atrakzio bereziarena. 

Ibarrolazak adierazi duenez, Bermeoko Udalak Portu Zuzendaritzak adierazitakoarekin bat egiten du eta Ronpeolas eta blokeen ingurua ez dela jolastoki bat gogoratu nahi du. Hortaz, blokeen aldean ez ibiltzea eskatu du, istripuak saihesteko helburuarekin. 

Saltzaile ibiltarien kasuan, zortzi postu izango dira eta Erreten Lameran kokatuko dira irailaren 7tik 16ra. Txosnen kasuan aurten ere bakarra izango da, txosna handia, hain zuzen ere, eta horrek 30 metroko luzera eta 10 metroko zabalera duen karpa bat izango du, eguraldiak laguntzen ez badu ere bertan egoteko aukera paregabea eskainiko duena. Txosna irailaren 7tik 16ra arte egongo da, Artzako kaiaren parean, Lamerako eszenatokitik hurbil. 

Horrela, jai eremua Lamera, Artzako kaia, Erribera, Erreten, Alde Zaharra eta Olatua izango dira eta, Zerbitzu Saileko zinegotziak adierazi duenez, “asmoa da jai egunetan toki horietan oinezkoei lehentasuna ematea”. 

Trafikoa, aparkalekuak eta garraio publikoa 

Artzako kaia jai-gune nagusienetarikoa izango denez, Artzako biribilgunetik (kasinoaren ondoan) portura joateko sarrera itxita egongo da irailaren 3tik 18ra arte. Zamalanak egiteko ordutegia 8:00etatik 12:00etara izango da, eta ordu horietan bizilagunak dauzkaten beharrizanetarako sartu ahal izango dira. Lamera- Portuzarra gune guztia hutsik egon beharko da, eta ezin izango da kotxerik atera handik, ezta gune horietan aparkatuta izan. 

Alde Zaharraren kasuan, Arostegitik liburutegira doan kalea itxita geldituko da jai egunetan, baina herritarrek Alde Zaharrerako sarrera Intxausti kaletik izango dute eta irteera Nardiz tar Jon kaletik. 

Aurten jai eremuan oinezkoei lehentasuna emateko, asteburuetan, irailaren 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an, hain zuzen ere, Lamera Txikitik Artzako biribilgunea trafikora itxiko da eta trafikoa saihesbidetik desbideratu beharko da. 

Zerbitzuetako zinegotziak jaietan kotxea ahalik eta gutxien erabiltzea eskatu du. Bermibusek irailaren 7, 11, 12, 13, 14 eta 15ean zerbitzua eskainiko du eta Lamerako geltokia Santamañe kalera aldatuko da. Era berean, Bizkaibus zerbitzuko geralekuei dagokienez honela geldituko dira: Gernika irailaren 3tik 18ra Santamañe kalean; Bakio irailaren 3tik 18ra : Zubiaur Tar Kepa kalean, eta Mungia: Zubiaur tar Kepa (irailaren 3tik 6ra eta irailaren 17 eta 18an), Santamañe kalean. (irailaren 7,8, 9, 14, 15 eta 16an) . 

Taxi zerbitzuaren geralekua Kasinoaren ondoan egongo da irailaren 3tik 18ra. Euskotrenek gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu irailaren 8an, 14an eta 15ean (www.euskotren.eus). 

Ildo berean, kanpotik datozenek hainbat aparkaleku izango dituzte, hain zuzen ere,  Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko gune industrialean, San Andres-en eta Matxikorta kaian. Herriko sarrera guztietan seinaleak jarriko dira horien kokapenaren berri emateko. 

Garbitasuna eta komun publikoak 

Bestalde, martxan dagoen ‘Denon artean Bermeo garbi garbi’ kanpainarekin lotuta, Ibarrolazak gogoratu du jaietan ere “guztion artean -Udala, tabernari, dendari, txosnak eta herritar guztion artean- herria zaindu eta garbi mantendu behar dugula”. “Herria txukun mantentzea gure erronka izan behar da, eta, horretarako, Udalak ahalegin bereziak egingo ditu; izan ere, garbiketa zerbitzuak indartuko dira jaietan irailaren  16ra arte”, azpimarratu du.

Horrela, errefortzu bezala, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago egongo da jai egunetan, gidari bat eta laguntzaile batekin. Horrez gain, Udaleko zerbitzuetako langileen errefortzua egingo da aipatutako egun horietan garbitasuna bermatzeko.

Zerbitzuetako zinegotziak sastarrak edukiontzietara botatzeko eta kanpoan ez uzteko eskatu du. Bereziki, botilak beiraren edukiontzietara eta kartoiak eta paperak edukiontzi urdinetara botatzeko eskatu du, besteak  beste.

Bestalde, gogoratu duenez, 9 komun publiko (kabina) eta beste 9 txizatoki ere ezarriko dira, eta, horiez gain,  komun publiko finkoak egongo dira Kasino aurrean eta txosna eremuan. Sukalki egunean, irailaren 15ean, Talan, hiru komun eta 3ko txizatokia ezarriko dira.

Sastar batze zerbitzuari dagokionez, irailaren 7tik 16ra 14:00etatik aurrera egingo dela eta irailaren 9an ez dela egongo jakinarazi du. Irailaren 17tik aurrera zerbitzua betiko moduan izango da.

Zerbitzu Saileko zinegotziak talko hautsak eta antzekoak ez erabiltzeko eskatu du. Bere esanetan, horien ondorioz,  “kaleek laban egiten dute eta hainbat herritar jausi egiten dira. Horrez gain, osasun-arriskuak sortarazten dituzte arnasa egitean birikietan gelditzen direlako”. Horregatik guztiagatik, “kontuan hartu behar herritar askok ez dutela beherakadean parte hartzen talko hautsak direla eta”. “Gainera oso zaila da talko hautsa ondo garbitzea, kaleak ureztatuta ere, hainbat egun igaro beharko dira erabat garbitzeko”, gaineratu du.

Su artifizialak, estropadak eta segurtasuna

Irailaren 8ko eta 16ko su artifizialak direla eta, bai auzokideei eta bai arrantza eta kiroletako motorrei hainbat segurtasun neurri gomendatu die Zerbitzu zinegotziak istripurik ez egoteko. Horrela, azaldu duenez, motorrak farol berdetik ahalik eta urrunen utzi beharko dira, handik botatzen dira suak eta. 

Horrez gain, “motorretako eskotilak eta ateak itxi beharko dira eta ezin izango dira utzi kubiertan ez sarerik, ez belarik ez surik hartu ahal duen beste gauzarik”. “Motorren batera fuetarik erortzen bada eta sua hartzeko arriskurik ikusita 112 telefonora deitzea eskatzen da”, esan du. 

Herritarren kasuan ere, balkoietako leiho eta ateak ixtea eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta egotea gomendatu du eta ez irtetea balkoi eta terrazetara. “Teilatu edo terrazaren batera fuetarik erortzen bada eta sutea hartzeko arriskurik ikusita Udaltzaingoari deitu hainbat arinen 092 telefonora”, adierazi du. 

Benito Ibarrolazak gogoratu duenez, betiko moduan, Udaltzaingoa 24 ordu egongo da lanean herriko segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Ildo horretan, herritarrei eskatu die kalteren bat ikusten badute edo abisuren bat eman nahi badute 94 617 9111 telefonora eta emergentzia egoeraren bat balego 092 telefonora deitzeko. Horrez gain, larrialdietako 112 telefonoa ere badagoela gogoratu du. 

Benito Ibarrolazak sail ezberdinetako langileek jai egunetan egin behar duten lana goraipatu du “gainerakoak jaiekin gozatu ahal izateko”. Horrela, Zerbitzu sailak, Udaltzaingoak, Kultura Sailak eta Herri Babesak egiten duten lan garrantzitsua eskertu du. 

‘TESTING’ eta ‘BOTILTZARRA’ programak<u style="text-align: center; font-size: 12px;"> </u>

Bestalde, Iñaki Lópezek  Gazteria zerbitzuko teknikariak azaldu duenez, Bermeoko Udalak arrisku murrizketarako programa bi martxan jarriko ditu aurten ere Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Alde batetik, drogei buruzko informazio eta Testing zerbitzua izango da Bermeon irailaren 8an, zapatuan. Bestetik, Botiltzarra izeneko programa martxan jarriko da bigarren urtez irailaren 9an, Arrantzale eguneanAiLaket! alkarteak eskainiko ditu aitatu zerbitzu biak.

Testing zerbitzuaren bidez nerabe eta gazteen arteko substantzien gehiegizko erabileraren prebentzioa egingo da, arrisku kudeaketa hobeagoa ahalbidetuko duen egiazko informazio objektiboa eskainiz.
Ildo berean, erabileraren arriskuez pertsonak kontzientziatzea eta erabileraren bidez bilatzen diren arrazoi eta helburuen hausnarketa bultzatu gura du programa honek.

Testing zerbitzuaren furgoneta, 23:00etatik 2:00etara egongo da Bermeon, liburutegiaren ondoan eta txosna gunetik hurbil, eta AiLaket!-eko hiru teknikari egongo dira informazioa ematen eta substantzien analisiak egiten.

Botiltzarra ("botelloia") programari dagokionez, bestalde,  jai giroetan alkoholaren aisialdi kontsumoen arrisku murrizketan oinarritutako proiektua dakalean alkohola edaten ari diren gaztetxoei zuzendutako prebentzio esku-hartzea, hain zuzen ere. Bigarren urtez jarriko da martxan. 

Alkoholaren kontsumoak sortu ahal dituen arriskuak gutxitu gura dira programa honen bidez, eta, horretarako, 16:30etik 21:30era AiLaket!-eko sei profesional ibiliko dira herriko kaleetatik zehar informazioa, materiala, jatekoa, edaria… gazteen artean banatzen. Lan-taldea gazteengana hurbilduko da alkoholaren erabileran arriskuak murrizteko informazioa eta materiala banatuz, eta ezohiko egoera edo ekintzaren bat ematekotan, komenigarriak diren neurriak hartuko dituzte. 

‘Brigada moreak’ 

Bermeoko alkateak jaiak “denok disfrutatu ahal izateko errespetua eta elkar ulertzea” eskatu du. Bere esanetan, “jaiak disfrutatzeko pertsona askeak izan behar gara, beldur barik ibiliko garan pertsonak, eta hau denon artean lortu behar dugu, alde batetik, eraso sexistarik onartzen ez duen herria garela erakutsiz eta, bestetik, eraso sexistei erantzuna emanez”. “Ez, beti da ez”, nabarmendu du. Era berean, Bermeoko alkateak jai parekideen aldeko aldarrikapena egin du, “guztiok denbora librea izateko eta jaiekin disfruta ahal izateko”.  

Ildo horretan, Bermeoko Udalak eraso sexistarik gabeko jaiekin gozatu ahal izateko ez beti da ez esaldiarekin eskumuturrak banatuko ditu hainbat leku publikotan eta txosnan eta hainbat lelo dituzten pegatinak ere bai: “Kaliek eta gauek ere geuriek diez”, “Neure gorputze neurie da”, “Jai parekideen alde”, “Eraso sexistak geldiaraztea danon kontua da”… 

Ildo horretan, aurten Bermeoko Mugimendu Feministak Brigada Moreak ekimen berria martxan jarriko duela gogoratu du alkateak. Azaldu duenez, “erasoak egunero gertatzen diren arren, jakina da, jaietan askoz gehiago ematen direla. Hori dela eta, eraso sexista eta LGTBIQ+foboen aurrean elkar zaindu eta batera aurre egiteko ekimen hau sortu du Mugimendu Feministak”.

Azaldu duenez, Brigada Morea “erasotua laguntzeko protokolo bat jarraituko duen neska boluntario taldea da” eta horren helburuak bi dira: “batetik, erasotuari babes emozionala eta aholkularitza praktikoa ematea, eta, bestetik, erasorik gabeko espazioak aldarrikatzea (disuasioa)”. “30 boluntaria ibiliko dira jaietan zehar”, azpimarratu du. 

“Brigadistak zapi more handi batez identifikatu ahalko dira eta bakoitza bere martxan ibiliko da, lagunekin, familiarekin nahi duen gunean (tabernetan, barraketan, txosnetan, kontzertuan, etab) eta norbait erosotua izan dela esatera datorrenean aktibatu dute protokoloa, baliteke informazio eske etortzea ere”, adierazi du. 

 “Brigadista izango diren emakumeek aurretik formakuntza jaso dute datorkigun pertsona zelan atenditu eta nora bideratu ikasteko, gure artean ezagutu eta koordinatzeko”. 

Azkenez, Bidegurenek eta Ibarrolazak adierazi dutenez, Bermeoko Udalak aipatutako neurri guzti horiek hartu ditu  jai programaren barne dauden ekimen ezberdinak martxan jarri ahal izateko eta guztiok jaiekin disfrutatu ahal izateko”. 

05 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0