Albistea
1.400 ume eta gazte baino gehiago elkartuko dira barikuan, ekainaren 21ean, Bermeon ikasturte amaierako jaian. Herriko ikastetxe guztietako 3 urtetik 12 urte bitarteko haurrek ez dute aspertzeko astirik izango, hainbat baitira eurentzat antolatu diren ekimenak: bitsa, pailazoak, ikuskizuna, umeentzako parkea eta kale antzerkia, besteak beste. Festa horrekin, ikastetxe guztietako umeak “ekintza batean elkartu nahi dira egun zoragarri bat igarotzeko”, adierazi du Bermeoko Udalak.
Haurrek adinaren arabera parte hartuko dute antolatutako ekintzetan. Horrela, haur hezkuntzako hiru eta bost urte bitarteko umeek ‘Tomaxen abenturak, azken balea’ pailazoen ikuskizuna ikusteko aukera izango dute goizeko 10:30ean Sagrado Corazón ikastetxean.
LHko 1. eta 2. mailetako haurrek Eidabe taldearen eskutik, ‘Futbolariak eta printzesak’ ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute Bermeoko Kafe Antzokian goizeko 10:45ean. Bestalde, LHko 3. eta 4.mailetako neska-mutilentzat goizeko 10:00etatik aurrera umeentzako parkea egongo da Lameran, eta bertan ‘monster’ ‘fort coyote’, txirrista, espazio ontzia, giza futbolina eta rokodromoa egongo dira, besteak beste.
LHko 5. eta 6.mailetako gazteek ‘Zirika Zirkus’ taldearen eskutik, ‘Zinemaz Blai’ kale antzerkiarekin ondo pasatzeko aukera izango dute goizeko 10:45ean San Frantzisko Herri ikastetxean.
Ondoren, maila guztietako ikasleak batuko dira 12:00etan guztiak bitsarekin ondo pasatzeko. Horregatik, umeei bainujantzia ekartzea gomendatzen zaie. Baina jaia ez da bukatuko, izan ere, eguerdiko 14:00ak arte umeentzako parkea egongo da Lameran.
Bermeoko Udalak egun “polita” izango dela nabarmendu du, eta nagusi, ume eta gaztetxoak jai horretan mahoiez jantzita parte hartzera animatu ditu.
010 (94 617 91 00)