Albisteak

Albistea

Euskal Herriko dantzak ikusteko aukera 'paregabea' zapatuan, uztailaren 15ean, Alkartasuna Dantza Taldearen urteko ekitaldian

 

Euskal Herriko dantzak ikusteko aukera “paregabea” izango dugu zapatuan, uztailaren 15ean, Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak antolatutako urteko dantza ekitaldian. Ikuskizuna Artza frontoian izango da gaueko 22:00etan, eta sarrera dohainik izango da. 

Bermeoko Alkartasuna Taldeak adierazi duenez, erakusketa horren helburua da “herritarrek Euskal Herriko dantza ezberdinak ezagutu ahal izatea, taldeak urtean zehar egindako lana erakustea eta dantza ikuskizun horrekin denok ondo pasatzea”. 

50 dantzari eta musikari inguruk parte hartuko dute ekitaldian. Lehenengo, Arabako dantzak ikusi ahal izango dira (Ziegoko makil dantza, arbol dantza, jota…), eta, ondoren, Gipuzkoako dantzen txanda izango da. Jarraian,  Lapurdiko inauteriarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, fandangoarekin eta arin arinarekin jarraitzeko. Ekitaldiari amaiera emateko Larrain dantza aukeratu du Alkartasuna dantza taldeak. 

Ekitaldian dantza ezberdinen historia azalduko da, besteak beste, nongoak diren eta zelan, noiz eta zergatik hasi ziren dantza hauek. Beraz, zapatuan, uztailaren 15ean, “Euskal Herriko ohiturak ezagutzeko eta dantzekin ondo pasatzeko aukera izango dugu Alkartasuna Dantza taldearen urteko ekitaldian”. 

Alkartasuna Dantza Taldeak herritar guztiak gonbidatu ditu “festa giro polita” izango duen ekitaldi horretan parte hartzera.

 

 

11 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0