Albistea
-Hobekuntza hauek egiteko 274.261,98 euroko inbertsioa egin da, BEZ barne
Bermeon, 2022ko maiatzaren 19an.- Bermeoko Udalak Iparragirre eta Itxasbegi kaleetako irisgarritasuna hobetzeko lanak bukatu ditu. Hobekuntza lan hauek egiteko 274.261,98 euroko inbertsioa egin da, BEZ barne. “Lan hauei esker inguru horretako herritarrek euren etxeetara joateko bide atsegin, seguru eta praktikoago bat izango dute”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
“Udal Gobernu modura gure betebehar garrantzitsuenetako bat da bermeotarren bizi kalitatea hobetzea. Bada, aste honetan bukatu ditugun lan hauei esker inguru horretan bizi diren herritarrek asko irabaziko dutela uste dugu. Herriko auzo eta leku ezberdinetara irisgarritasuna hobetzea gure helburu estrategikoetako bat da”, gehitu du Abaroak.
Txibitxiaga kaletik Itxasbegirantz doan kale-tartea da, gaur egun, oinezkoek gehien erabiltzen dutena. Igarobide hori nahiko deserosoa eta iluna zen eta bere eskailera eta arrapalak ez ziren egokiak oinezkoentzako. Hau dela eta, inguru horretan irisgarritasuna hobetzeko lanak aurrera eramatea erabaki da eta, etxebizitza eraikinen tarteko gunea erabiliz, ibilbide hori aldatu eta hobetu egin da.
Iparragirre kalean ere lanak burutu dira. Dagoen euste-horma baten aldaketarekin kalearen puntu estuena zabaltzea lortu da. Zabaltze-lan hauei esker, irisgarritasuna nabarmen hobetu da eta emergentziazko zerbitzuen ibilgailuak, adibidez, errazago pasa ahal izango dira. Gainera, kaleko zoladura osoa berritu da.
Gainera, Txibitxiaga kaleko blokeetako 1. zenbakiko bizilagunek egokitutako ingurune horretan igogailua jartzeko aukera ere izango dute egindako egokitze-lanei esker, bloke horren irisgarritasuna hobetuz.
010 (94 617 91 00)