Albisteak

Albistea

1.556 pertsonek erabili dute Bermeoko izotz pista abenduaren 28tik urtarrilaren 6ra eta Udalak balorazio oso positiboa egin du

 

Bermeoko Udalak Gabonetan umeek zein nagusiek ondo pasatzeko nobedade garrantzitsu bat eskaini zuen, 200 metro karratuko izotz pista, hain zuzen ere, eta asko izan ziren izotz pistarekin gozatu zutenak; izan ere, 1.556 pertsonek, gehienbat ume eta gaztetxoek,  erabili zuten abenduaren 28tik urtarrilaren 6ra arte. Horrela, 3.112 euro lortu ziren eta horiek ‘Eutsi Gogor Danok Batera’ elkartera bideratuko dira, gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko. 

Hortaz, Bermeoko Udalak “balorazio oso  positiboa egin du, giro ederra sortu baitzuen herrian eta gure herrian patinatzen disfrutatzeko aukera ederra eskaini zuen”. “Gainera, sarrerak aldez aurretik saltzea erabaki zen eta horrekin ilara luzeak saihestea lortu genuen”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Merkataritza, Turismo eta Garapen zinegotziak.

Ormaetxeak zehaztu duenez, izotz pistan jende gehien egon ziren egunak asteburuetako egunak izan ziren eta gutxien erabili zen eguna urtarrilaren 1a izan zen”. “Esperientzia oso ona izan da eta, nahiz eta hobetzeko gauzak dauden, izotz pista oso erakargarria izan dela uste dugu”, azpimarratu du. 

Alde negatibo bezala, salatu duenez, “urtarrilaren 5ean izotz pistak kalteak zituela ikusi genuen; kanpoaldeko 3 babes-hesiak apurtuta baitzituen”. “Mota horretako ekintzek gure herriko eta herritarren ongizatearen kontrakoak dira eta kostu handia dute herriarentzat. Pena bat da horrelakoak gertatzea”, adierazi du. Hortaz, “errespetua eta ardura” eskatu ditu “horrelako ekintzak gure herrian ez gertatzeko”.

29 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0