Albistea
Abuztuaren 16an, tradizioz, San Roke Eguna ospatu da Bermeon. Betidanik, jai egun garrantzitsua izan da arrantzaleentzat, eta hegaluzea sasoian egonda, funtsezkoa izan da ospakizun honetan. Tala izan da beti elkartzeko gunea. Azken urteetan, San Roke Eguneko ospakizunak indarra galdu du, eta ohiturak berreskuratu eta hurrengo belaunaldiei egun horren atzean egon den sentimendua hurbildu asmoz, aurten indarberrituta etorriko da San Roke Eguna. Bermeoko Udalak eta Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak bat egin dute, San Roke Eguna lehengoratzeko. Hala, egun horretarako egitarau zabala prestatu da, itsasoan jaio eta Bermeoko Talan ospatzen den San Roke eguna bueltan ekartzeko.
San Roke Eguna 12:00etan hasiko da Talan, hala ere, gura duenak goizago joan ahalko du, suak piztu eta marmitakoak prestatzen hasteko. Izan ere, kuadrillan marmitakoak prestatzeko ohitura berreskuratzea da asmoa, eta era berean, gazteengana iritsi gura da, gazteak erakarrita. Kankinkabara Txistu Taldea arduratuko da egunari hasiera emateaz, eta Talan jarriko den txosna ere, ordu horretan zabalduko da, jan-edanekin.
Talan girorik ez da faltako egun osoan, eta arratsaldean, kuadrillen arteko jokoak ere egongo dira bazkalostea girotzeko, eta Arrekatxutxa trikitilari taldekoek hartuko dute arratsaldea girotzeko ardura.
Txikientzako gunea ere jarriko da Talan bertan, puzgarriekin eta tailer desberdinekin; umeak ere San Roke Egunaren parte izan daitezen.
Beste alde batetik, memoria eta dinamizaziorako bideo desberdinak zabaltzen hasi gara Bermeoko Udala eta BTWC elkartearen sare sozialetatik. Bideo horien bitartez erakutsi gura da, zelan egiten den San Roke Eguneko ohiko marmitakoa, San Roke Egunean lehen egoten zen jai giroa, itsasoko lana… Modu horretara, lehengo San Roke Eguna ezagutu ez duten gaurko egungo belaunaldietakoek ere, lehengo giroa ezagutu ahal dute.
San Roke Eguneko argazkien artean zozketa
Horrez gain, Talan bertan, txikienentzako prestatuta egongo den gunean photocall berezi bat jarriko da argazki dibertigarriak atera ahal izateko, eta argazkiekin, gainera, BTWCen kontserba-sorta baten zozketan parte hartzeko aukera egongo da. Zozketan parte hartzeko hurrengoa egin beharko da: argazkia atera BTWC photocallarekin eta sare sozialetara igo, #SanRokeakBermeon eta #EtxekoAtuna hastag-ak erabilita eta BTWC eta Bermeoko Udala izendatuta. Kontu biak jarraitzea komeni da.
Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak adierazi du, Bermeoko San Roke Eguna Talan marmitakoa egitea baino askoz ere gehiago dela: “Adinekoen berbetan bideoetan entzun ahal dugunez, San Roke Egunean ohikoa zen kuadrilletan batzea jai eguna ospatzeko; arrantzaleek, gainera, jai eguna zeukaten, eta Talan batzen ziren sozializatzeko eta bikotekideak bilatzeko. Gaur egun ere, jai egunak ospatzeko, kuadrilletan batzen dira gazteak, eta hortaz, San Roke Egunean ere batu daitezke marmitakoak prestatu, eta era berean, herriko beste kuadrillekin sozializatzeko. Denborak ez dira horrenbeste aldatu”.
Maitane Leizaola BTWC elkarteko zuzendariak hurrengoa adierazi du: “Bermeo Atunaren munduko kapitala dela diogu, Bermeo, bermeotarrak eta etxeko atunak harreman estua eduki dutelako beti. Batetik, hegaluzearen kostera oso garrantzitsua izan da eta da Bermeoko ekonomian, eta baita ere kulturan; eta San Roke moduko jaiek lotura hori begi-bistan jartzen dute. Kostera gelditu, atseden hartu, etxekoekin egon eta marmitakoa jan; hori, Bermeoko erara bizitzea zen eta da. Zeresanik ez gure kontserberen jardunean hegaluzeak daukan garrantzia, eta baita ere, urte osoan zehar itsaso handietan arrantza modu jasangarrian eginez, Bermeoren izena mundu zabalera eroan duten atunontzi izozkailuen lanak. Bermeotarrok ohiturak berreskuratu eta sektore honek daukan garrantziarekin jabetzea gura dugu”.
Bermeoko Udalak eta BTWC Elkarteak herritar guztiak deitzen dituzte San Roke Egunean Talara hurbiltzera, marmitakoa prestatzera eta egun horretarako prestatuta dauden ekimen guztietan parte hartzera: “Badakizue, hortaz, abuztuaren 16an, barikuan, batu zure kuadrilla eta etorri Talara marmitakoa prestatzera”.
BTW Elkartea
BTWC Elkartea 2018an sortu zen, Bermeoko Udala, tokiko atun- eta kontserba-enpresa, AZTI zentro teknologikoa, eta beste hainbat erakunderekin, helburu nagusi batekin: Bermeo atunaren sektoreko munduko hiri erreferentzia bihurtzea, bertoko atun-arrantzako praktika onak balio kate osoan eta maila globalean bultzatuz, eta atun-sektorearen jasangarritasuna sustatuz. Gaur egun, 45 enpresa pribatu eta erakunde publikoz osaturiko elkartea sendoa da.
010 (94 617 91 00)