Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala, Osasun Publikoa eta Osakidetza Osasun Sarea martxan jartzen ari dira Bermeon

Bermeoko Udala, Osasun Publikoa eta Osakidetza elkarrekin lanean ari dira osasun sarea martxan jartzeko Bermeon eta bere helburua da herri osasuntsuagoa lortzea. Osasun Sarea ekimen parte-hartzaile bat da, komunitateko sektore guztiak biltzen dituena guztiei garrantzia berdina emanez. Kide hauen eginkizuna da gai komunitarioak jorratzea parte-hartzaile moduan eta ez soilik aholkulari moduan, horrela hauei irtenbidea emateko eta herritarren bizi kalitate hobeagoa lortzeko lan eginez.  

Horrez gain, Osasun Sarearen helburuak dira politikak eta ekimenen arteko sinergiak lortzea, pertsonen parte-hartze eta ahalduntze handiagoa lortzea eta tokiko parte-hartze foroak sortzea.  

Ekimen honen bidez, diagnostiko bat egiten ari dira Bermeoren egoera zein den ezagutzeko. Horretarako osasunaren inguruan diharduten agente guztiak harremanetan jarri dira, euren indarrak metatu eta eraginkortasuna biderkatzeko. Behin egoera zein den ezagututa erantzunak eta ekintza ezberdinak abian jartzea da xedea. 

Horrela azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, Josu Unanuek, alkateordeak eta Gizartze Zerbitzu zinegotziak, David Palanca Osasun Publikoaren eskualdeko koordinatzaileak eta Maribel Goikoetxeak, Bermeoko anbulatorioko erizain arduradunak.  

Bermeoko alkateak Osasun Sarea Bermeon abiatzea herritarrentzat “oso positiboa” izango dela nabarmendu du, izan ere, “osasuna era zabalean lantzen ari gara osasun sarean: helduak, gazteak, kirola, drogamenpekotasuna, mugikortasuna, irrisgarritasuna, gaixotasun ezberdinak, emakumeak…. “Egoera edo/eta baldintza guzti hauek gure osasunean eragin zuzena dute, horregatik garrantzitsua da egoera zein den ezagutzea gero erantzunak ahal izateko”, adierazi du. 

Unanuek azaldu duenez, orain arte hainbat lan bilera egin dira eta horietan egon dira Gizarte Ongizateko Udal Patronatua, Udal Kirol Patronatua, Udaleko  Gazteria Saila, eta Osakidetzako Barrualde-Galdakao Osasun Antolakuntza Bateratuko zentroen ordezkariak (Galdakao-Usansoloko ospitalea eta lehen arretako osasun zentroak).
Josu Unanuek adierazi duenez, “orain bigarren fasean sartzen gara, egindakoa gizarteratzea eta gizartea ere proiektu honetan inplikatzea, izan ere, gure ustez, baldintza garrantzitsua da herritarrek euren osasunaren kudeaketan parte hartzea”.  Horregatik, “argi daukagu, ezinbestekoa dela herriko eragile sozial, elkarte, zein herritarrekin eskutik joatea proiektu honetan, osasuna guztion gauza delako”. 

Horrela, martxoaren 24an, martitzenean, arratsaldeko 19:00etan, Gizarte eta Kultura etxean Osasun Bilera bat egingo dugu eta bertan azalduko ditugu Osasun sarean helburuak eta egin beharrak. Herritar, elkarte eta agente guztiei bilerara etortzeko eta parte-hartzeko deia luzatzen diegu.

 

 

16 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0