Albisteak

Albistea

14 erakusle izango dira martxoaren 15etik 24ra Bermeoko Liburu eta Disko Azokan

Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Anton Arriola, Joseba Itxaso eta Ava Hocsem idazleak euren liburuak sinatzen egongo dira

 

 

Bermeoko Liburu eta Disko Azoka bihar, barikuan, martxoaren 15ean, hasiko da eta martxoaren 24ra arte, egongo da Lameran. Bertan, 14 erakusle izango dira euskal eta erdal nobedadeekin, euskal diskogintzarekin eta liburu aukera zabalarekin. Euskal nobedadeetan liburu eta diskoek ehuneko 10eko beherapena izango dute. Aurten Azokaren gaia  'Euskal emakume poetak' izango da eta, horrela, liburu eta diskoekin batera, azokako standetan ”Euskal emakume poetak” erakusketa ere izango da ikusgai. 

Azken nobedadeen artean Toti Martinez de Lezearen “Malkoak lur antzuan”, Jon Arretxeren “Ez erran deus”, Harkaitz Canoren ‘Fakirren ahotsa’ edo Pako Aristiren ‘Rosa itzuli da’ izango dira, besteak beste. Haur eta Gazte literaturan, Alaitz Olaizolaren ‘Nork agintzen du?’,  Totiren “Nur” edota Pirritx eta Porrotxen lan berriak egongo dira Bermeoko Liburu eta Disko Azokan. 

Erdal literaturari dagokionez, Santiago Posteguillo, Julia Navarro, Eva G. Saenz de Urturi, Federicco Moccia eta Elisabet Benaventeren lanak, besteak beste, ikusteko aukera izango dugu, eta, euskal diskogintzan, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Zea Mays, Goazen edota betiko Benito Lertxundi, Urdangarin Ruper… izango dira. Liburu eta diskoekin batera, azokako standetan ”Euskal emakume poetak” erakusketa ere izango da ikusgai. 

Azoka hau egiten den sasoian  idazleen presentzia garrantzitsua egongo da Bermeon. Horrela, Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Antton Arriola, Joseba Itxaso eta Ava Hocsem idazleak izango ditugu asteburu batean euren liburuak sinatzen. 

Haur eta Gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa, euskal gaia eta euskal diskogintza dira, besteak beste, azokan azalduko diren gaiak. Irakurzaletasuna bultzatzea, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea dira Liburu eta Disko Azokaren helburuak. 

Bermeoko Liburu azoka goizez 11:00etatik 13:30era eta arratsaldez 17:00etatik  20:30era bisitatu ahal izango da. 

14 / 03 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0