Albisteak

Albistea

Maila handiko taldeekin dator XXVI. Jazzber Bermeoko jazzaldia

  • Uztailaren 3tik 5era, Bermeoko Kafe Antzokian izango dira kontzertuak, 20:30an, dohainik.

Victor De Diego Group, Seada Quartet eta Flen izango dira Bermeoko XXVI. Jazzber jazz jaialdiaren protagonistak, uztailaren 3tik 5era. Kontzertu guztiak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira 20:30ean, eta sarrera dohainik izango da.

Beste behin ere, Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatzen duten Jazzber jaialdiak kalitatezko programa oso erakargarria eskainiko du. Jazzber eskualdean egiten den jazz jaialdi bakarra da, eta horrekin Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatzea, jazz mundua herrira hurbiltzea eta jazz musikaren joera berrienak ezagutaraztea lortu gura dela azaldu du Bermeoko Udaleko kultura zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak.

Jizz Jazz Kultur Taldeko Joseba Verdesek azaldu du aurtengo Jazberrek jarraipena eman gura diola kalitate mailari: “Azken urteetako joerari eutsita, maila handiko taldeak izango ditugu Bermeon. Guretzat oso garrantzitsua da kalitatea eskaintzea, jendeak jazz musika onenaz gozatzeko aukera izan dezan”.

Victor de Diego Group-ek emango dio hasiera aurtengo Jazzberreri, uztailaren 3an, eguaztenean. Victor de Diegok 40 urteko ibilbidea dauka. Estatuko jazzaren irudi nagusienetako bat da. Zazpi disko ditu lider modura, eta hirurogei baino gehiago sideman modura. Era berean, asko dira nazioarteko orkestra eta artistekin egin dituen kolaborazioak, bai jazzaren barruan zein kanpoan.

2023. urtean A Coruñan sortu zen Seada Quartet izango da bigarren eguneko talde protagonista. Laukoteko kideek sarritan kolaboratzen dute nazioarteko musikariekin. Proiektu honekin, taldeak konposizio originalen eskuz eta soinu propio bat bilatzeko bidean, jazz eklektikoa eta modernoa eskaintzen du.

Flen izango da Jazzber jaialdia zarratuko duena uztailaren 5ean, barikuan. Stocholmen sortu zen taldea 2021ean, Suediako eta Danimarkako musikariekin; 2023an argitaratu zuten Välkommen till FLEN albuma. Bere konposizioek haize-sekzioak oinarri erritmikoan eskaintzen dituen testura eta adierazkortasun aukerak arakatzen dituzte.

“Jazzber jaialdia erreferentea da gure eskualdean, eta urtero modura, maila handiko taldeak izango ditugu udalerrian. Jazzberrek udan jazzaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du, horregatik bermeotarrak zein inguruko herrietako bizilagunak gonbidatzen ditugu etortzera, kalitate handiko jazz musikaz doan gozatzeko aukera ematen baitu”, esan du Etxebarriak.

Azkenik, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie Jizz Jazz Kultur Taldekoei urte hauetan guztietan egindako lanagatik: “Bermeoko jazzaldia eskualdean erreferentea izatea lortu duzue, eta urterik urtera kalitatezko programa lortzeko lan handia egiten duzue. Gure helburua da herritarrak kulturaren parte eta jabe izatea, eta hori lortzeko, gakoa udalaren eta herriko taldeen arteko elkarlana da”

26 / 06 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0