Albisteak

Albistea

Araneko kiroldegiko kirol ekintzetako partehartzaileen gogobetetze maila 8,1 puntutakoa da, inkesta baten arabera

Udako kanpaina abian da Bermeoko Araneko kiroldegian

Bermeoko Araneko kiroldegiko ekintzetan parte hartzen dutenen batezbesteko gogobetetze maila 8,1 puntutakoa da Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kirol ekintzetako erabiltzaileen artean egindako inkesta baten arabera. Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak adierazi duenez,  datu hau “oso positiboa” da, “baina ahalegintzen jarraitu behar gara gure kirolarien asebetetze maila mantentzeko edo hobetzeko”. 

Inkesta honen helburua izan da kirol ekintzetako erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutzea kudeaketa hobetzeko helburuarekin eta horretarako jarduera hauen inguruko hainbat alorrei buruz galdetu zaie jardueretako parte-hartzaileei, besteak beste, ekintzei buruzko informazioa, izena emateko prozedura, antolaketa, kopurua, ordutegia, eta prezioa.  

Galdera guztietan lortutako puntuazioa 5etik gorakoa izan da, 5,5 baxuena izanik eta 8,5 altuena. Ildo horretan, azaldu duenez, kirol guneari buruzko galderak jaso du 5,5 puntu, hau da, zer iruditzen zaion erabiltzaileari kirol gunea (tenperatura, antolamendua, akustika), eta monitoreen gaitasun profesionalak 8,5eko puntuazioa izan du.   

Horrez gain, erabiltzaileari kanpainari buruz jasotzen duen informazioa eta izena emateko prozedura zer iruditzen zaion galdetu zaio eta 6,8 puntu jaso dituzte bi galdera hauek. 

Ikastaroak antolatzeko moduari, prezioari eta kirol gunearen garbitasunari buruz galdetzerakoan, 6,5eko puntuazioa eman dute parte-hartzaileek. Jardueren kopuruari dagokionez 6,3 puntu eman dituzte, ordutegiari buruz galdetzerakoan  5,9 puntu eman dituzte eta material osagarriaren kasuan 6,6 puntu izan ditu. 

Bermeoko Kirolaren Udal Patronatuko langileek eskaintzen duten arretari buruz galdetzerakoan 7,2 puntu eman dituzte erabiltzaileek eta gogobetetze mailak 8,1 puntu izan ditu. “Datu hauek oso onak dira baina ahalegindu behar gara oraindik hobeagoak izaten eta horretan lan egingo dugu”, azpimarratu du Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak.  

Udako kanpaina 

Bestalde, udako kanpaina abian dagoela gogoratu du Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak. Ildo horretan, hainbat dira uda honetan eskaintzen diren ikastaroak, besteak beste, pilates, aquagym, patinak (umeak hastapena eta hobekuntza eta helduak) eta igeriketa (eskola kirola, hobekuntza, hastapena, helduak). Horrez gain, saio solteak ere eskaintzen dira, hala nola, aqua, biking, zumba, core eta kardiobox. 

Hortaz, bai ikastaroetan edo saio solteetan parte hartu nahi duten guztiek Araneko kiroldegian aukera dutela adierazi du Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak.

 

 

09 / 07 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0