Albistea
Smartphonea erabiltzen ikasi nahi duten adineko pertsona edo nagusiek BBK-k Secot elkartearekin eta Bermeoko Udalarekin elkarlanean antolatutako tailerretan parte hartzeko aukera dute, kolektibo horren eten edo arrakala digitalarekin amaitzeko. Tailerrak urriaren 14 eta 16ean egingo dira Kultur Etxeko Hitzaldi Aretoan, 10:30etik 12:30era. InteresaInteresa duten pertsonek izena eman dezakete 010 telefonora deituta edo Berhaz bulegora hurbilduta.
Prestakuntza, % 100 praktikoa, bina orduko bi saiotan egingo da. Programaren edukia smartphone telefono mugikorren oinarrizko erabileran oinarrituko da. Horrela, parte-hartzaileek oinarrizko aplikazio interesgarri eta erabilgarri batzuk erabiltzen ikasiko dute, hala nola SOS Deiak, Osakidetza, Whatsapp edo online banka. Esperientzia ahalik eta pertsonalizatuena izan dadin, 2 edo 3 parte-hartzaileko prestatzaile bat egongo da.
Tailer hauek Bermeora iritsi dira, BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren esparruan, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten ekintzak elkarrekin sustatzeko. Eten digitalaren aurkako prestakuntza hori bat dator 2030 Agendaren GJHekin; zehazki, 3. eta 10. helburuekin, osasuna eta ongizatea sustatzera eta desberdintasunak murriztera bideratutakoekin, hurrenez hurren.
Herriz Herri, gizarte-eragin positiboa Bizkaiarentzat
Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ostean, BBK-k Herriz Herri proiektua jarri du abian berriro. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaiko ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Ekimen horrekin bat egin dute dagoeneko Bizkaiko 52 udalerrik.
Proiektu honekin, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k, eta katalogo berritua aurkezten du. Katalogo horretan, eten digitalaren aurkako tailer horiez gain, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: gazteei zuzendutako proposamenak kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko; emakumeari, inklusioari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta umeentzako tailer ludikoak 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzera bideratuta.
010 (94 617 91 00)