Albistea
Portuan paperontziak jartzeko eta Portuko lanak Bermeoko kaleetan sorrarazitako kalteak konpontzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzari.
Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, adierazi duenez, portuan paperontziak jartzeko eskaera Euskadiko Kirol Portuei luzatu dio Bermeoko Udalak.
Ibarrolazak azpimarratu duenez, “Portua ahalik eta garbien mantentzeko ezinbestekoa da herritarrek paperontziak eskura izatea”. “Gainera, kontuan hartu behar da Bermeoko Portutik jende asko ibiltzen dela, toki garrantzitsua baita herritarrentzat zein bisitarientzat”, azpimarratu du.
“Horregatik, espazio hori kudeatzen duen Bermeoko Euskadiko Kirol Portuak-eri (EKP) portuan paperontziak jartzea eskatzen diogu, funtsezkoa baita portua garbi mantentzeko eta irudi polita eta txukuna eskaintzeko”, nabarmendu du. Ildo berean, herritarren eskaera ere bat dela gogoratu du Ibarrolazak.
Bestalde, Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko portuan burutzen ari diren konponketa lanak hainbat kalte sorrarazi dituzte Bermeoko kaleetan. Izan ere, azaldu duenez, “erabilitako garraio astunek joan etorrietan portuko zoruan ez ezik, herriko kaleetako galtzada harrietan eta espaloietan ere kalteak sorrarazi dituzte; zehazki, Arrantzale Kofradi eta Fraile Leku kaleetan eta Lamerako Kai Bidean”.
Hori dela eta, portuko konponketa lanak amaitu ondoren, kalte horiek konpontzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko Portuen Zerbitzuari.
“Espero dugu aipatutako bi eskariak onartzea gure herriarentzat ezinbestekoak direlako, portua txukun mantentzeko, alde batetik, eta, bestalde, kaleetan segurtasuna bermatzeko eta istripuak saihesteko”, adierazi du.
010 (94 617 91 00)