Albistea
Azaroa amaitzeko eta abenduari hasiera emateko bete-beteta datoz San Andres auzoko jaiak; barikutik (azaroak 29) domekara (abenduak 1) bitartean ospatuko dira. Gainera, aurten, herrigunetik hurbilago jarriko dute jai-gunea, auzoaren goiko aldean barik, San Andres kaleko aparkalekuan jarriko baitute jaiak ospatzeko karpa.
Barikuan, 20:00etan, hasiko dira jaiak txupinazoa botatzearekin batera. Zapatuan, 09:00etan emango diote hasiera mendi martxari. Parte hartu gura dutenek, San Andres kaleko aparkalekuan egon beharko dute ordu horretan, bertatik abiatu baita martxa. Ondoren, 12:00etan, 5 urteko umeen jaia egingo da Motx pailazoarekin. Bertaratzen direnek, Euskara Egunerako photocallean argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute. Arratsaldean, 17:00etan, herriko umeek Asier Kidam Magoaren ikuskizunarekin ondo pasatzeko aukera izango dute, eta horren ostean txokolatea banatuko dute. Gura duenak, bere edalontzia eroan beharko du. Ondoren, umeek jolas desberdinak izango dituzte aukeran. San Andres eguna musikarekin amaituko dute; 22:00etan, Tximinok kontzertua eskainiko du, eta horren ostean, Gauargi erromeriak dantzan jarriko ditu bertaratutako guztiak.
Domekan, abenduaren 1ean, 12:30ean hasiko da herri kirolen saioa eta 13:30ean, berriz, txori piztien erakusketa. Txapelketarik ere ez da faltako, oraingoan tarta txapelketa antolatu dute. Parte hartu gura duenak 14:30ean aurkeztu beharko du bere tarta. Irabazleak bi pertsonentzako afari bat hartuko du saritzat. Urtero modura, herri bazkaritan batuko dira, 15:00ak aldera, eta bazkalostea Josepa Kale Kalekoekin girotuko dute, 17:00etan hasita.
San Andres auzoko auzotarrek antolatzen dituzte jaiak, Bermeoko Udalaren laguntzarekin. Bermeoko Udalak San Andres auzoko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte-hartzera.
010 (94 617 91 00)