Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak herriko hainbat jolastokiren zoruak berriztatzeko lanak hasiko ditu astelehenean, urriaren 16an

 

 

Bermeoko Udalak  herriko hainbat jolaslekuren zoruak berriztatzeko edota konpontzeko lanak hasiko ditu astelehenean, urriaren 16an. Benito Ibarrolazak, alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, adierazi duenez, lan horien bidez, herriko hainbat jolastokiren zoruak berriztatzeko lanak egingo dira; eta, horrez gain, hondatuta dauden zabuak konponduko dira. Lan horien aurrekontua 51.000 euro ingurukoa dela gaineratu du.

Horrela, zehaztu duenez, zorua berriztatzeko edota konpontzeko lanak honako jolaslekuetan egingo dira: Lamera, Elkano tar Juan Sebastian, Haur-eskola, Itsasoen Galdutakoen Lamera (‘Pergola’), Tala, Jose Antonio Erauzkin enparantza (‘Estrella’) eta Adubidxe.

Ibarrolazak azaldu duenez, zorua berriztatzeko lanak Lamerako jolastokian hasiko dituzte, eta, kasu honetan, zoru guztia kendu eta berria jarriko dute.  Gainerako jolasguneetako zoruetan, konponketa lanak egingo dituzte.

Lamerari dagokionez, lanak bi fasetan egingo dira: lehenengoan, txikitxoen jolasguneko zorua aldatuko da, eta, bigarrenean, gaztetxoen jolastokikoa. Bi kasuetan lanak astebeteko iraupena izatea aurreikusten da.

Zerbitzuetako zinegotziak argitu duenez, lanak irauten duten bitartean, lan horiek martxan dituzten jolasguneak ezin izango dira erabili. Hortaz, datorren astean ezin izango da Lamerako txikitxoen jolastokia erabili eta hurrengoan  berdin gertatuko da Lamerako gaztetxoen jolaslekuarekin.

“Badakigu eragozpenak sortuko dituela, baina kontuan hartu behar da lan hauek beharrezkoak direla jolasguneen konponketa lanak egiteko. Hortaz, aldez aurretik, herritarren pazientzia eskertzen dugu”, adierazi du Ibarrolazak.

Materialari dagokionez, Ibarrolazak azpimarratu duenez, jolasguneen berriztatzeko material birziklatua erabiliko da, kapsulatua, hain zuzen ere. Hortaz, nahiz eta orain arte egondakoaren antzekoa izan, kolorea ez dela hain argia izango zehaztu du Ibarrolazak. Bere esanetan, “garrantzitsua da material birziklatuak erabiltzea guztion artean ingurua zaintzeko”.

 

11 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0