Albisteak

Albistea

Bermeoko XXXII. Nazioarteko Musika asteak lau kontzertu eskainiko ditu abuztuaren 1etik 4ra

Vlady Bystrov & Quattro Quarti Sax Ensemble; Ineke Hellingman & Sigurjón Freyrsson; KUP taldea eta OFEko laukotearekin disfrutatzeko aukera Musika Astean

 

 

Bermeoko XXXII. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 1etik 4ra izango da, eta hainbat estilotako kontzertuak entzun ahal izango dituzte bertaratzen diren guztiek. Hain zuzen ere, Vlady Bystrov & Quattro Quarti Sax Ensemble; Ineke Hellingman & Sigurjón Freyrsson; KUP taldea eta OFEko laukotearen kontzertuekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeoko Musika Astean. Guztiak Santa Maria elizan izango dira 20:00etan, eta sarrera dohainik izango da. 

Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Susana Regidorrek, Kultura teknikariak, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan kalitatezko musika aukera zabala eskainiko duen Bermeoko XXXII. Nazioarteko Musika Astea.   

Astuik azaldu duenez, Bermeoko XXXII. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 1ean, martitzenean, Vlady Bystrov & Quattro Quarti Sax Ensemble taldearen kontzertuarekin hasiko da Santa Maria Elizan arratsaldeko 20:00etan. 

Quattro Quarti Sax Ensemble laukoteko kide guztiak emakumeak dira, eta euren nahia errepertorio ezberdina jotzea izan da, musika klasikotik hasi eta saxofoi musika garaikiderainokoa. Vlady Bystrov errusiar bakarlariarekin, Quattro Quartik-ek Bach, Mozart, Donizetti moduko musikagile klasikoetatik hasita funk eta jazzaren eraginak dituzten musika garaikideak jotzen ditu. 

Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, bigarren kontzertua abuztuaren 2an, eguaztenean, Santa Maria Elizan izango da arratsaldeko 20:00etan eta, horretan, Ineke Hellingman & Sigurjón Freyrsson izango ditugu. 

Ineke Hellingman gaur egun etorkizun handienetariko holandar piano-jotzailea da. 6 urterekin hasi zituen bere ikasketak eta orkestrarekin 12 urterekin egin zuen bere lehen estreinaldia. Bere azken errezitaldiak bere promozioko saririk handiena lortu zuen, ‘Hartman Award of excellency”-a, hain zuzen ere. Nazioartean jotzen du, Alemania, Suitza, Frantzia, Belgika, Austria eta Hungarian errezitaldiak eta kontzertuak ematen baititu. 

Sigurjon Freyrsson-ek bibolin ikasketak 5 urterekin hasi zituen, Leioako udal kontserbatorioan. Bertan, ‘Down Chemical’ beka lortu zuen 11 urterekin, promozioko ikasle onena izan zelako. Kamara kontzertuak eskaini ditu Euskal Herrian, Frantzian, Holandan, Belgikan eta Danimarkan, Cassado laukotearekin eta Hellingman-ekin. 

Abuztuaren 3an, eguenean, 20:00etan, Santa Maria elizan KUP taldeak kontzertua eskainiko du. Astuik azaldu duenez, hamar urteko ibilbidea du talde horrek, ibilbide oparo bezain aberatsa, horren denbora-tarte txikian, etenik gabe lortu dituen lorpen eta garaipenak kontuan hartuta.

Bermeon eskainiko duen kontzertuan musikaren historian zehar egindako ibilbidea eskainiko du, bere berea egin duen ezaugarriarekin, hau da, musika-estilo eta garai bakoitza fideltasunez interpretatzea, euskal musikagile garaikideei dagokien tartea eskainiz. 

Musika asteari amaiera emateko abuztuaren 4an, ostiralean, OFEko laukotea izango da Santa Maria elizan arratsaldeko 20:00etan. Kamara talde hori bere oinarri den Espainiako Orkestra Filarmonikoaren pertsonalitate berarekin jaio zen. Proiektu profesional burujabea da, eta, musikaren arlo guztiak zainduta, kalitatezko lan bat eskaintzen du, esperientzia eta gazteria batzen dituena. 

Sorreratik lortu zuen arrakasta eta gaur egungo musika munduaren eskaintzaren aurre egiteko programa ezberdin asko ditu. Bere errepertorioaren muina espainiar musika da, hori bultzatzeko eta nazioartean zabaltzeko asmoarekin.           

“Beraz, musika eskaintza zabala eta interesgarria izango dugu Bermeoko XXXII. Nazioarteko Musika Astean eta Bermeoko Udaletik pertsona guztiak gonbidatu ditugu kontzertu hauetan parte hartzera eta musikarekin gozatzera”, nabarmendu dute Astuik eta Regidorrek.

27 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0