Albisteak

Albistea

Microsoft Dynamics Nav (Navision) ikastaroa irailaren 17tik urriaren 26ra arte Busturialdean

Ikastaroak %15eko kontratazio konpromisoa du eta izena emateko epea uztailaren 20ra arte dago zabalik

 

Gaur egun, Microsoft Dynamics irtenbideetan eta negozio prozedura metodologian ezagutza orokorra duten diziplina anitzeko profesionalen falta handia dago. Hori dela eta, Gaztedi Busturialdeatik Microsoft Dynamics NAV (Navision) ikastaroa antolatu da 2018ko irailaren 17tik urriaren 26ra arte, “Lana bilatzea, Lana da” programaren barne. Ikastaroa Arratzuko Madariene baserrian izango da 8:30etik 14:30era, astelehenetik barikura, hain zuzen ere. Ikastaroak %15eko kontratazio konpromisoa du eta izena emateko epea uztailaren 20ra arte dago zabalik.

Espezializazio ikastaro honen helburua Microsoft Dynamics ERPko negozio-aholkulariak prestatzea da, antolaketan, prozesuetan eta Microsoft Dynamicsen ezagutza eta praktikarik onenak eskainiz; baita MS Dynamics Sure Step egitasmoen ezarpen metodologiaren praktikarik onenak eta ezagutza zehatzak ere, MS Dynamics produktu-lerrora bideratuta.

Espezializazio ikastaro hau negozio-aholkularitzan, enpresa-prozesuetan eta ezarpenaren munduan sartu nahi dutenei zuzenduta dago, Microsoft Dynamics ERP edo CRMn negozio-aholkulari moduan espezializatzeko.

Ikastaroa egin ahal izateko beharrezkoa da Goi-Mailako Lanbide Heziketako edo Unibertsitateko (Lizentziatura edo Gradua) ikasketak izatea, bai zientzia eta bai gizarte arloko ikasketak aintzat hartuko dira. B2 ingelez maila izatea ere beharrezkoa da.

Espezializazio ikastaroan honako gaiak jorratuko dira: Enpresa-prozedurak, Finantza-kudeaketa, Marketin-kudeaketa, Merkataritza-kudeaketa, Zerbitzu-kudeaketa (SAT) eta MS Dynamics Sure Step.

Lan irtenbideei dagokienez, honako hauek dira: Partners Dynamicsen negozio-aholkularia, lerroko edozein produktutarako; Partners Dynamicsen aholkulari funtzionala, lerroko edozein produktutarako; beste irtenbide batzuetako Partner-etan negozio-aholkularia edo funtzionala (erabiltzen dituzten tresnetan trebatuta); azken bezeroetan ERP-aren administratzaile, eta lerroko produktuetariko edozeinetan Dynamics irakaslea CLPSn (Microsoftek baimendutako prestakuntza zentroak).

Izena emateko epea uztailaren 20ra arte dago zabalik. Plaza kopurua mugatua da, izan ere, 18 leku bakarrik daude. Beraz, eskainitako plaza kopurua interesdunen kopurua baino txikiagoa bada, hautaketa egingo da eskabidea egin dutenen artean. Ohiko moduan, lehentasuna izango dute Gaztedi Busturialdea programan parte hartzen duten herrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteek.

Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutakoek 550 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ikastaroa bukatu ondoren %90etik gorako parte-hartzea izan dutenei 100 euro itzuliko zaizkie. Gainerako herrietan erroldatutakoek, berriz, 800 euro ordaindu beharko dituzte.

Formakuntza honen bidez, Busturialdeko gazteak gaitu nahi dira lana bilatzeko prozesuan arrakasta izan dezaten. Ikastaroa bukatu ondoren laneratzeko aukerak izango dira, bai eskualdeko enpresetan eta bai kanpokoetan ere,  ikastaroak %15eko gutxieneko kontratazio konpromisoa baitu.

Ikastaroa Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute Gaztedi Busturialdea proiektuaren barne.

 

20 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0