Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak lanean 20 eta 30 urte daramaten udaltzainen lana aitortu du

-Sei gizon eta emakume batek diploma eta intsignia oroigarri bat jaso zuten atzo Aritz Abaroa alkatearen eskutik, beren lana eta dedikazioa eskertzeko

-Omenaldia bertako agenteek 20 eta 30 urte betetzen dituzten udalerri guztietan egiten da, eta Bermeon horrelako ekitaldi bat egiten den lehen aldia da

Bermeon, 2023ko otsailaren 2an.- Atzo goizean, Bermeoko Udalak Udaltzaingoan 20 urteko zerbitzua duten lau agente eta 30 urteko zerbitzua duten beste hiru agente omendu zituen.

Sei gizon horiek eta emakume batek, diploma eta intsignia oroigarri bat jaso zuten, Aritz Abaroa alkatearen eskutik, egindako lana eta dedikazioa eskertzeko. Diplomaz gain, zerbitzuan 20 urte baino gehiago dituzten agenteek bereizgarri zuri bat jaso zuten, eta 30 urtetik gorako esperientzia duten agenteek, aldiz, bereizgarri gorri bat.

Ekitaldian gainontzeko lankideak egon ziren presente eta alkateak eta Udaltzaingoaren buruak, Aritz Floresek, balioa eman zioten agenteek beren ibilbide luzean egindako lanari eta profesionaltasunari. “Udaletik Udaltzaingoak egunero bermeotar guztien ongizatea eta segurtasuna zaintzeko egiten duen lan nekaezina eskertu nahi dugu. Udalerriko bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko egin duten lana ezinbestekoa izan da, eta izango da. Izan ere, 20 eta 30 urteko ibilbideak agerian uzten du agenteek bermeotarrei laguntzeko duten bokazioa. Zalantzarik gabe, hurbiltasunetik, guztion segurtasunaren alde lan egiten eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzen duten beharrezko figurak dira. Gure helburua gertuko Udaltzaingo bat izatea da; herritarrentzat erreferentziazko zerbitzua dena eta herritarrei laguntzeko dagoena” adierazi du Aritz Abaroa alkateak.  Bestalde, poliziaburuak gaineratu du talde hau eredugarria dela urte hauetan taldera batzen joan diren profesional berrientzat eta egunero lanean jarraituko dutela Bermeo herri segurua izan dadin, eta jakina, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Omenaldia bertako agenteek 20 eta 30 urte betetzen dituzten udalerri guztietan egiten da, eta Bermeon horrelako ekitaldi bat egiten den lehen aldia da.

02 / 02 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0