Albisteak

Albistea

'Gaztedi Busturialdea'k eskualdeko hirugarren enpresa ideia lehiaketa jarri du martxan

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek, Urremendi Landa Garapen Elkartearekin batera, "Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa" jarri dute martxan. Eskualdeko gazteei zuzenduta, lehiaketa honek enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko edizio bietan, 50 bat enpresa eta enpresa ideia aurkeztu ziren. 

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbideratzen duen "Lana bilatzea, Lana da" programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren hirugarren edizio honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei. 

"Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa" lehiaketaren helburuak, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira. 

Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Posiblea izango da enpresa ideia edo enpresa bera 2016an sortuta egotea.

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek kontuan hartuko dira:

 

·         Berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edo/eta originaltasuna.

·         Enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea.

·         Ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna.

·         Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena.

·         Proiektuaren definizio-garapen maila.

·         Proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin).

·         Gizarte-eragina.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek heldu dan azaroaren 11ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduan izango da. Lehenengoak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 euro eta lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenak 1.000 euro jasoko du, aurreko sarietan ez bada saritua izan. 

Informazio gehiago lortzeko eta izen-emate orriak batu eta entregatzeko Urremendiko bulegora edo Bermeoko (GIZ) eta Gernika-Lumoko Gazte Informazio Zerbitzuetara jo behar dute interesatuek. 

2015ean, ‘Sotapatroi’ izeneko ideiak jaso zuen lehenengo saria, 3.000 eurokoa, ‘Sarekin’-ek bigarrena, 2.000 eurokoa, eta ‘Urdaibarraski’-k lehen sektorearen saria jaso zuen, 1.000 eurokoa.

28 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0