Albisteak

Albistea

Guraso eta etorkinentzako euskara eskoletan parte hartzeko izena emateko epea irekita

Bermeoko Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko epea irekiko du urriaren 1etik 31ra

 

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak aurkeztu ditu eta euskara ikasteko diru-laguntzen deialdiaren berri eman du.

Gurasoentzako eta etorkinentzako ikastaroen bidez, guraso eta seme-alaben arteko harremanetan euskara erabili dadin erraztasunak eman gura dira eta Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskararen atea zabaltzen lagundu gura da. Ikastaro hauetan izena emateko epea irailaren 30era arte irekita dago. Horrez gain, euskara ikasteko diru-laguntzen deialdiaren berri eman da eta hauek urriaren 1etik 31ra eskatzeko aukera izango dute bermeotarrek.

Horrela adierazi dute Bermeoko Udaleko Euskara zinegotziak eta teknikariak, Juan Karlos Agirrek eta Aitziber Gabikaetxebarriak, ikastaroak aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan. Bertan, eurekin batera, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietako ordezkariak, Iratxe Garmendia eta Ianire Laiuno, hurrenez hurren, egon dira.

Agirrek azaldu duenez, urtero eskaintzen dira ikastaro hauek, euskaltegiekin elkarlanean, urrian hasi eta ekainera bitarte, eta batean zein bestean, taldeari egokitutako metodologia erabiltzen dute.  

Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian izango dira, 120 orduko iraupena izango dute eta 20 euroko prezioa. AEK-ko arduradunak Iratxe Garmendiak adierazi duenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetatu nahi dutenek, parte hartu ahal izango dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galdu, testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasi. Aurreko edizioetan ikasle izan diren gurasoen esanetan,  emankorra da era honetako ikastaroan parte hartzea. 

Euskara teknikariak adierazi duenez, gurasoen zeregina garrantzitsua da hizkuntzaren transmisioan; zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza aberatsagoa izango da eta etxean eta hurreko inguruan ikasitako hizkuntzan oinarri sendoagoak izango dituzte seme-alabek.

Etorkinei zuzendutako ikastaroari dagokionez, Gotzon Garitonaindia euskaltegian antolatzen da eta Ianire Laiuno ordezkariak esan duenez, 120 orduko ikastaroa urrian hasiko da. Matrikularen truke 10 euro ordaindu behar dira, gehi materiala. 

Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dute, HABEren Aisa metodoaren bitartez. Horrela, bada, euskaraz lehen berbak esaten ikasten dute ikasleek, eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatzen dituzte eta batzuk Berbalagun taldeetan parte hartzen hasi dira. Ikastaro hau antolatzen hasiz geroztik, etorkin ugarik izan dute aukera euskaraz berbetan ikasteko eta aurrera pausu handia dela azpimarratu du. 

Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako. “Izan ere, euskara jakiteak hartu-emonak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu”, esan du Euskara teknikariak.   

Ikastaro horietan izena emateko epea irekita dago irailaren 30era arte eta izena Berhaz bulegoan eman behar da (Ertzilla 6-8). Ordutegia zehaztea talde bakoitzaren esku egongo da.  

Udalak eta euskaltegiek elkarlanean antolatzen dituzten ikastaro bi hauetaz gain, Bermeoko Atalde 17an, Euskal Gunean kokaturik dauden AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan, maila guztietako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela nabarmendu nahi izan dute euskaltegietako ordezkariek.

Ordu aukera zabala eskaintzen dute, euskaltegian bertan edo internet bidezko ikastaroak, azken batean, euskara erabiltzeko aukerak zabaltzen laguntzen dute Bermeoko euskaltegietan. Hori egin nahi duten herritarrak euskaltegietara hurreratzeko gonbitea egin dute.  

Diru-laguntzak 

Bestalde, Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntzen deialdiari dagokionez, Gabikaetxebarriak azaldu duenez, laguntza hauen helburua da  euskara ikasi nahi duten herritarrei erraztasunak ematea. Eskariak urriaren 1etik 31ra bitarte aurkeztu behar dira Udaleko Berh@z bulegoan (Ertzilla kalea 6-8). Era berean, nabarmendu duenez, 2014-2015 ikasturtean eta 2015eko udan egindako ikastaroak dira Bermeoko Udalak diruz lagunduko dituenak.  

Euskara arduradunak zehaztu duenez, diru-laguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeon erroldatutako biztanleak.  

Bere esanetan, eskatzaileek, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: aurreko urtean eginiko matrikulak diruz lagunduko dira,          Bermeon erroldatuta egotea,  matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea.   

Euskara teknikariak azaldu duenez, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. “Urtean zehar egin daitezkeen ikastaro guztiengatik ikasle bakoitzak, gehienez, 500 € jaso ahal izango ditu”, adierazi du. 

Era berean,     Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileentzat gehienez, matrikularen % 70eko diru-laguntza emango da eta diru-laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian geratzen diren langabetuentzat gehienez, matrikularen % 60a. Gainontzeko ikasleentzat: gehienez, matrikularen % 50a . 

Informazio gehiago nahi duten pertsonek Euskara Sailean (94 617 9122, euskera@bermeo.org) edo/eta bere web gunean (www. bermeo-euskaraz.com) izango dute.

 

 

 

04 / 09 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0