Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak bat egingo du Asteklimarekin

Aurten ere, Bermeoko Udalak klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko mobilizatuko ditu bermeotarrak. Horretarako, urriaren 18tik 27ra egingo den Asteklimaren baitan, udalak  hainbat jarduera antolatu ditu. Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea da. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, eta “Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” lelopean ospatuko da. Asteklima, herritarrak klima-aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalarekiko kontzientziatzeko eta mobilizatzeko sortu zen.

 

Klimaren eta energiaren erronkei aurre egiteko, herritik bertatik jarduteko premia herritarrei helarazi asmoz, Bermeoko Udalak ere bat egingo du Asteklimarekin, eta hitzaldi eta tailer interesgarriak antolatu dira datozen egunotarako.

 

Datorren barikuan (urriak 18), Ricardo Gamaza kazetariak Turistificación y cambio climático tailerra eskainiko du. Azalpenak eman eta eztabaidarako tartea sortuko du Gamazak barikuan. Tailerra18:00etan hasiko da, Nestor Basterretxea aretoan.

 

Ondoren, astelehenean (urriak 21), Arronategiko marteloskopioa: Bermeoko baso-gela berria hitzaldia eskainiko du Neikerreko Nahia Gartzia Bengoetxeak; 18:00etan hasiko da hitzaldia, udaletxe tradizionalaren (Goiko Plaza) azken solairuan.

 

Asteklimaren baitan Bermeoko Udalak antolatutako hirugarren jarduera datorren martitzenean izango da (urriak 22). Klima aldaketa eta arrantza izango du hizpide AZTIko Nerea Goikoetxeak Klima aldaketaren eragina gure arrantzan izeneko hitzaldian. Asteleheneko hitzaldia moduan, martitzenekoa ere, udaletxe tradizionalaren azken solairuan izango da, baina kasu honetan 19:00etan hasita.

Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldiotan parte hartzera, “klima-aldaketaren aurrean garrantzitsuak baitira kontzientzia eta sentsibilizazioa”.

15 / 10 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0