Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azoka aurten maiatzaren 15, 16 eta 17an izango da eta kartela lehiaketa bidez aukeratuko da

 

Herriko kultura eta produktuen erakusleiho aparta den Bermeoko Arrain Azoka aurten maiatzaren 15, 16 eta 17an izango da eta XXI. edizio hau iragarriko duen kartela lehiaketa bidez aukeratuko da. Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa, eta maiatzaren 15ean Hegaluze Sariko ekitaldian emango da.  

Horrela azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, Bego Gangoitik, Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunak, eta Bittor Agirrek La Gaviota-Arroyabe enpresa kontserbako ordezkariak eta Bermeoko Arrain Azoka Elkarteko kideak, gaur egindako prentsaurrekoan.  

Ildo honetan, jakinarazi dutenez Arrain Azoka Elkarteak “XXI. Arrain Azoka 2015”  iragartzen duen kartelaren lehiaketarako deialdia zabaldu du eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Arrain Azokako egitarauren foiletoaren azala eta kartel iragarlea. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12an bukatuko da.

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, kartel lehiaketarekin Arrain Azoka “parte-hartzaileago bat lortu nahi dugu, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea”. Horrez gain, bere esanetan, Arrain Azokako ekimenak “ez dugu asteburu batera mugatzea, baizik eta denboran zehar zabaltzea”.  

Lehiaketaren baldintzei dagokienez, Bego Gangoitik azaldu duenez, kartelaren gaiak Bermeoko Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko du, eta aurtengo helburua da umeak arraina ahal dutela gustura jan eta eurentzat erakargarriagoa izateko era gozoan presta daitekeela. Kartelan testu hau jarri beharko du: “XXI. Arrain Azoka. Maiatzaren 15, 16 eta 17an. Bermeo” eta arrain azokaren aurtengo helburua kontuan izanda, egileak askatasuna dauka lelo bat ere txertatzeko bere lanean. 

Lana derrigorrez, 68x34 cm-ko neurrikoa izan beharko da, formatu bertikalean eta gura den beste kolore eta edozein teknika erabilita, beti kontuan izanda irudia digitalizatu egingo dela. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu behar da. Kartel irabazlea ordenagailuz egin ezkero, irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko du be bai, inprimatutako tamainan (68x34cm), gutxienez 300 ppko bereizmenarekin.   

Egileek kontuan izan behar dute kartelean azokaren 5 babesleen logoak be agertu behar direla, (Eusko Jaurlaritza,  Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; Bermeoko Udala;  El Correo; eta BBK-Kutxabank). Horretarako beheko aldean 6 zm.ko barrena utzi behar da, eta goian aitatutako neurriaren barruan egon behar da.  

Arrain Azoka Elkarteak  kartelean aldaketak egitea eskatu diezaioke irabazleari. Epaimahaiaren erabakia jakin arte, ezin da ezagutzera eman aurkeztutako kartelik ezta egilearen nortasunik publikoki ezta sare sozialetan be. Arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten dituzten kartelak kanporatu egingo dira. 

 Lanak aurkezteko lekua eta epea 

Lanak Bermeoko Turismo Bulegoan aurkeztuko dira, egilearen izen barik eta izenburuarekin apirilaren 12an eguerdiko 14:00ak baino lehenago. Gutun-azal itxi batean, eta agerian izenburu hori jarririk, egilearen datuak barruan joan beharko dira. Lehiaketan parte hartzen duten kartelak Nestor Basterretxea aretoko erakusgelan erakutsiko dira, Arrain Azokaren asteburuan.  

Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko  kidez osatuta egongo da eta lan irabazlea apirilaren 13an aukeratuko da eta apirilaren 14an jakinaraziko da Bermeoko Udalaren web gunean. Saria  600 eurokoa izango da eta maiatzaren 15ean Hegaluze Sariko ekitaldian emango da.  

Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea maiatzaren 18tik 24ra artekoa izango da, Bermeoko Turismo Bulegoan. Epe hori igaro eta gero, jaso ez direnak Arrain Azoka Elkartearenak  izango dira.  

Arrain Azoka Elkarteak kartel irabazlearen jabetzea ez eze, jendaurreko komunikaziorako, kopietako eta banatzeko eskubideak be eskuratuko ditu; eskubide horiek Arrain Azoka Elkartearenak baino ez dira izango. Saririk eman barik be utzi daiteke, aurkeztutako kartelek oinarrietan agertzen diren baldintzak ez badute betetzen epaimahaiaren ustez. 

Azkenez, Ormaetxeak interesa duten herritarrei lehiaketan parte hartzera gonbidatu die, “arrain azoka guztion artean egin nahi dugulako”.  

Arrain azokaren aldeko apustua 

Bermeoko kontserberoen ordezkariak eta Merkataritza eta Turismo zinegotziak Bermeoko Arrain azokaren aldeko apustua berretsi dute eta hori profesionalagoa eta indartsuagoa izateko urtero ahaleginak egin behar direla adierazi dute.   

“Aurten XI. ediziora heltzen den Bermeoko Arrain azokak Bermeon itsasoak gure ekonomian betidanik  izan duen garrantzia erakusten digu eta mota honetako azoken artean garrantzitsuena da Euskal Herri mailan”, nabarmendu du. 

Bere esanetan, hau lortzeko “elkarlana funtsezkoa” da Udala, kontserbera eta erakundeen artean eta horretan ari direla azpimarratu du. “Bermeoko Arrain Azoka erreferentea izateko elkarlanean ari gara, oso garrantzitsua delako gure herriaren etorkizunerako”, nabarmendu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

29 / 01 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0