Albistea
2018ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara aurkezteko epea irekita dago ekainaren 21era arte, eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Bermeoko jaietako egitaraua eta kartela iragartzeko erabiliko dena.
Kartela Bermeoko jaietako adierazle izan behar da. Horretarako honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak. Kartelak testu hau izan beharko du: ‘BERMEOKO JAIAK 2018 Irailaren 7tik 16ra’. Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztuko dira, izenburuarekin eta egilearen sinadura barik. Izenburu bera daraman gutun-azal itxi batean, egilearen datuak adieraziko dira.
Lehiaketako oinarriei dagokienez, lanek derrigorrez 52x70 cm-koak izan behar dira, gura den beste kolore eta edozein teknika erabiliz. Lana euskarri gogor bati lotuta edo euskarri informatikoan (CD batean) aurkeztu ahal izango da, hiru digitalizazioekin: lehenengoa 200 kb-ko JPGa, bigarrena Mb1-eko JPGa eta azkena 52 x 70 cm-ko erresoluzio altuko PDFa. Gutxienez 300 ppko bereizmenarekin eta CMYK.
Bestalde, irabazlea nor den jakin arte, parte hartzaileek ezin izango dute kartelen egileen nortasunik publikoki ez sare sozialetan adierazi, egitekotan kanporatu egingo dira, baita arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten duten kartelak ere. Bermeoko Udalak kartelean aldaketak egitea eska dezake.
Erakusketa kartel finalistekin eta saria
Epaimahaia jai batzordeko eta artearen munduko herriko kideez osaturik egongo da. Epaimahaiak aurkeztutako kartel guztiak ikusiko ditu eta onenen artean finalistak aukeratuko ditu.
Aukeratutako kartel finalistak ekainaren 26tik uztailaren 5era ikusgai egongo dira on-line eta Gizarte eta Kultura Etxean. Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie modu bitan: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den kutxan botoa emanez edo internet bidez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta internet bidez jasotakoek %30a. Irabazlea puntuazio gehien jasotzen duen kartela izango da. Hala ere, herritarren bozketan enbatarik edo arazorik balego, irabazlearen aukeraketa epaimahaiaren eskuetan geratuko da. Irabazlea uztailaren 6an jakinaraziko da.
Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea, uztailaren 10etik irailaren 30era artekoa izango da. Lehiaketan parte hartzeak, baldintza guzti guztiak onartzen direla esan gura du.
Argibide gehiago nahi duten pertsonek, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean (Irakaskintza 14 -16. Tel.: 946179157; kultura@bermeo.eus) jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, oinarriak www.bermeo.eus web gunean ikus daitezke. Bermeoko Jai batzordeak herritarrak kartel lehiaketa honetan parte hartzera animatu ditu.
010 (94 617 91 00)