Albisteak

Albistea

Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako “giro ona eta herritarren parte hartzea” nabarmendu dira, lehenengo balorazio arin batean

Eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien lehenengo balorazio arin bat egin ostean, balorazio “positiboa” egin du Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak: “Giro ezin hobea egon da jaietan, eta herritarren parte-hartzea handia izan da”. Hala eta guztiz ere, oraindik ere balorazio sakonago bat egin behar dela adierazi du.

Etxebarriak azaldu duenez, jai egitarauan aurreikusitako ekimen guztiak egin ahal izan dira, denetan giro ederra egon dela nabarmenduta: “Gure jaiak oso parte-hartzaileak dira, herritarrak inplikatu egiten dira eta hori gero adierazgarria da jarduera guztietan. Kontzertuetan, antzerkietan, kalejiretan, protokoloetan… herritar asko egon dira. Eguraldia ez da oztopo izan kalera irteteko”. Jai batzordeak eta txosna batzordeak egindako lana goraipatu du: “Euren lan eta ahaleginari esker, Bermeon jai herrikoi eta parte-hartzaileak eduki ahal ditugu. Aurton, bai jai batzordearekin zein txosna batzordearekin izan dugun elkarlana pil-pilean geratu da, eta elkarrekin, programazio borobila sortu dugula uste dut”.

Zenbait aldaketa egon dira aurtengo egitarauan, nabarmenena jaien hasierako ordutegi aldaketa izan da, 20:00etan izan da 22:00etan izan beharrean, eta emaitzarekin “pozik” dago udala, jendearen feedback-a, orokorrean, oso ona izan delako: “Herritarren kritika onez gain, guretzat ere oso positiboa izan da, txupinazoa beste era batera bizi ahal izan dugulako”. Horregatik, datorren urtera begira, ordutegia mantentzeko apustua egingo dela esan du Etxebarriak. Hori bai, uste du, jaien hasieran parte hartzen duen zeinu hizkuntzako interpreteari ikusgarritasun gehiago eman behar zaiola, datorren urtera begira gai horri buelta bat eman behar zaiola gaineratuta. Ordutegi aldaketez berba eginda, datorren urtera begira, Santa Eufemia eguneko Xixiliren agurraren ordutegia aurreratzea baloratu daitekeela esan du: “Jai inklusiboagoak egiteko bidean, eta ahalik eta parte-hartzerik handiena izateko, ordutegia aurreratzea, agian, ondo legoke. Askok eskatu diguten kontua da, hurrengo eguna klasera edo lanera joan beharra dagoela ikusita, beranduegi egiten dela azaldu digute askok, eta penaz geratzen dira Xixili agurtu barik”.

Aurten, Almikara igoteko Bermibusa ere jarri da irailaren 7an eta 8an, eta izan duen arrakasta ikusita, mantentzea aurreikusten da, betiere, “ondo hausnartutako hobekuntzekin”. Beste berritasun bat izan da ume zein nagusien danborradei udaletxeko balkoian harrera egitea, eta hori berreskuratzea “positibotzat” jo da: “Gaztelugatxe tanborrada taldekoek pozik hartu dute udalaren erabakia, eta gu oso pozik gaude guretzat egindako ikustaldiekin. Bai umeena zein nagusiena oso politak izan ziren”. Eta, Sukalki Eguna ere desberdina izan da aurten, ez delako lehiaketarik egon. Hala eta guztiz ere, Talan giro “ona eta osasuntsua” egon zela nabarmendu du kultura zinegotziak, “eta gazte zein nagusiak animatu ziren suak piztera”.

Bermibus gautxoria beteta

Bestalde, egitarauan lehenengo aldiz sartutako paintball-a “oso ondo” joan zela esan du, “bete” egin zen, eta parte-hartzaileen balorazioa “positiboa” izan da. Bai uste da, hurrengo urtera begira, playback txapelketari buelta bat eman behar zaiola, “bai euria eginez gero, beste leku erosoago bat bilatuz, eta bai adin tarteetako antolaketa aldatuz”.

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere Bermibus Gautxoria egon da irailaren 7, 9, 13 eta 14an, eta aurten ere “arrakastatsua” izan da, beteta ibili da. Egun berdinetan jarri da puntu morea ere, eta ez da intzidentziarik egon.

Balorazio positiboa bai, baina jaiak ilunduta ere ikusi dira tarteka; lehenengo asteburua izan zen ilunena. Jai giroan eraso bat egon zen, Taraskaren besoa apurtu zuten, borrokak egon ziren… Bigarren asteburuan, berriz, edukiontziak erre zituzten portuan eta jai eremua oso zikin geratu zen. “Mota horretako jarrerak ez dira udalak festa girorako gura dituenak, ez ditugu mota horretako jarrerak onartzen. Hori ez da gure jai eredua”, esan du kultura zinegotziak.

Jarrera horiei guztiei aurre egiteko udaleko langileek (udaltzain, zerbitzu, garbitzaile…) egin duten lan “ona” nabarmendu du, euren lana eskertuz: “Jai egun asko dira, eta langileak euren lekuan egoten jakin dute, eta gertakarien aurrean ahal izan duten arinen erantzun dute. Eskerrik asko zuen lanagatik”. Era berean, Herri Babeseko boluntarioei ere eskerrak eman dizkie, “jaietako ekimen jendetsu guztietan egon direlako laguntza eta babesa ematen”.

Azkenik, aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak antolatzeko lanetan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztien lana eskertu du; “euren lana ezinbestekoa izan da herriko jaiak ospatzeko”.

18 / 09 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0