Albistea
Euskal Herriko hainbat herrirekin bat eginez, Bermeoko Udalak eta Sahararen aldeko BESALDE elkarteak, uztailean eta abuztuan haur sahararrak hartzeko ‘Oporrak bakean 2017’ kanpaina martxan jarri dute Bermeon, umeei Aljeriako Tinduf errefuxiatuen kanpamentuetatik kanpo oporrak pasatzeko aukera eskaintzeko, hain zuzen ere.
Bermeoko Udalak eta Besaldek azaldu dutenez, “gure artean izango ditugun 10-12 urte bitarteko neska-mutilak Aljeriako Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan jaio eta hazi dira”. “Ume horiek, beraien familiekin batera, erbestealdi luzea jasaten ari dira, oso baldintza gogorretan. Janari, osasun eta hezkuntza gabezi handiak dituzte eta udan 50ºCko tenperaturak jasaten dituzte; neguan, ostera, 0ºC azpitikoak”, gaineratu dute.
Horrela, nabarmendu dutenez, ‘Oporrak bakean’ elkartasun proiektuaren helburua da “haurrei beste errealitate bat bizi eta ezagutzeko aukera ematea”. “Oporrek errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dituzten baldintza gogorren arnasbidea eta herri bien arteko besarkada solidario bat izan nahi dute”, azpimarratu dute.
Hortaz, uztailean eta abuztuan ume sahararra etxean hartu nahi dutenek 635725062 telefono zenbakira deitu behar dute apirilaren 8a baino lehen. Udalak eta Besaldek herritarrak kanpaina honetan parte hartzera animatu dituzte.
010 (94 617 91 00)