Albisteak

Albistea

'Juego de Tronos' grabatzen den bitartean, Bermeo erdi aroko giroan murgilduko da asteburuan XIII. Bermistorian-ekin

 

Bihar eta domekan Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanen ‘Juego de Tronos’ telesail famatua grabatzen den bitartean, Bermeo Erdi Aroko giroan murgilduko da, izan ere, asteburuan XIII. Bermistorian izango dugu, eta bere barne hainbat izango dira Bermeoko Alde Zaharrak hartuko dituen ekimenak, besteak beste, antzinako azoka, kale animazioa, hankaluzeen kalejira eta suzko zezena. 

 “Herritarrek eta kanpotik datozen pertsonek Bermeon antzinako garaietara eramango gaitun giro alaian murgilduko dira”, adierazi du Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek. 

Bermistorian-en protagonista garrantzitsu bat, urtero moduan, bihar, zapatuan, eta domekan Alde Zaharrean egingo den antzinako azoka izango da, produktu ezberdinen erdi aroko 50 saltoki inguru egongo dira. Horietan, besteak beste, gaztak, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, narrua, loreak, zilarra, kremak, xaboia, buztin eta zeramika-lanak eta arropak ikusi eta eskuratu ahal izango dira. 

Horiez gain, asteburuan arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, Izaro abesbatzaren kalejira, Lodosako piperrak erreta, zeramika tailerrak, loren tailerrak eta kale animazioak “herrian giro polita sortuko dute, Bermeo Erdi Arora eramanez”. Bestalde, umeek ere bere tokia izango dute Bermistorian. Izan ere,  haurrek Alde Zaharrean oholezko jokoekin jolasteko aukera izango dute. 

Bihar, zapatuan, urriaren 22an, goizeko 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, eta domekan, urriaren 23an, 10:00etatik 15:00etara disfrutatu ahal izango dugu antzinako azokarekin eta bere baitan antolatzen diren ekimenekin”, azaldu du Bidegurenek. 

Hankaluzeen kalejira eta suzko zezena 

Gainera bihar, zapatuan, arratsaldeko 20:00etatik gaueko 23:00etara, Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta, hankaluzeen kalejirarekin gozatzeko aukera izango dugu Alde Zaharreko kaleetatik zehar. Gaueko 21:15ean suzko zezena egongo da Irakaskintza kalean. 

Bidegurenek herritar guztiak eta kanpotik datozen pertsona guztiak Bermistorian-en barne egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte, “mota askotako jarduerekin disfrutatzeko aukera hobezina izango dute eta”.  Horrez gain, erdi aroko jantziekin mozorrotzera animatu ditu. 

Ildo berean, asteburuan, ‘Juego de Tronos’ Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanen grabatzen ari direnez, Idurre Bidegurenek talde guztiari (aktore, produktore, langile, laguntzaile…) gonbidatu die “gurekin batera Bermistorian ospatzera giro izugarrian”. 

 

 

 

21 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0