Albistea
Bizkaibus A3527 lineak, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duenak, hain zuzen ere, ordu erdiro zerbitzua eskaintzea eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari. Izan ere, momentu honetan linea horrek astelehenetik zapatura orduro eskaintzen du zerbitzua eta domekan bi orduro.
Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, herritarrek sinadura bilketa bat egin zuten linea horren maiztasuna handitzeko, eta 1.749 herritarrek sinatu dute eskaera horren alde. Horrela, herritar batek eskaera hori, sinadurak erantsita dituela, aurkeztu zuen Udalean. Horrez gain, herritar hori udal talde guztiekin egon zen, eta guztiek bere eskaeraren alde agertu dira.
Hortaz, “eskaera hori kontuan hartuta, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio Sailari Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen autobusak ordu erdiro zerbitzua eskaintzea eskatu diogu”, nabarmendu du.
Ibarrolazak adierazi duenez, “espero dugu Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskaera onartzea; eta ahalik eta arinen linea horretan ordu erdiroko maiztasuna ezartzea, batez ere, garraio publikoaren erabiltzaile bermeotarren eskaera bat dela kontuan hartuta”.
“Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta bere aldeko benetako apustua egiteko autobusen maiztasuna herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa da, horrela zerbitzuaren kalitatea hobetuz”, nabarmendu du.
010 (94 617 91 00)