Albistea
-Helburu nagusia minbizi aurreko lesioak eta hasierako fasean dauden minbiziak goiz detektatzea eta horrek eragindako hilkortasuna murriztea da
-50 eta 69 urte bitarteko Bermeoko Lehen Mailako Arretako Unitateko gizon eta emakume guztiei gutun bat, kita eta testa egiteko jarraibideak bidaliko zaie
Bermeon, 2022ko martxoaren 27an.- Aurten ere minbizi aurreko lesioak eta hasierako fasean dauden minbiziak goiz detektatzeko eta horrek eragindako hilkortasuna murrizteko helburuarekin, kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren beste tanda bat hasi da oraintsu Bermeoko Lehen Mailako Arretako Unitatean.
Aurrekoetan bezala, gutun bat bidaliko zaie 50 eta 69 urte bitarteko Bermeoko Lehen Mailako Arretako Unitateko gizon eta emakume guztiei, parte hartzera gonbidatuz. Gutun horrekin batera, gorozkietan ezkutatutako odol-testa egiteko behar den kita eta hori egiteko jarraibideak ere bidaliko dira. Lagina jaso ondoren, Bermeoko osasun-zentroan jarriko diren edukiontzietan utzi beharko da. Horretarako ez da deitu edo hitzordua eskatu behar. Probaren emaitza positiboa bada, beharrezkoa da kolonoskopia egitea diagnostikoa baieztatzeko.
Minbizia mota hau herrialde garatuetan ohikoena da, eta gizonen eta emakumeen artean heriotza-tasa handiak eragiten ditu. Hori dela eta, horrelako programetan parte hartzea oso garrantzitsua da proba erraz baten bidez minbizia goiz detektatu daitekeelako, eta horrek minbizia prebenitzen eta tratamendu-aukerak hobetzen laguntzen du, kasu askotan biziraupena eta bizi-itxaropena handituz. Euskadin, kolon eta ondesteko minbiziaren 1.800 kasu baino gehiago detektatzen dira urtero: bigarren tumore ohikoena da emakumeengan, bularreko minbiziaren ondoren, eta bigarrena gizonengan, prostatako minbiziaren ostean.
Programaren aurreko aldian, 2019an egindakoa, Bermeoko Lehen Mailako Arretako Unitateko xede-populazioaren % 70,77ak parte hartu zuen. Egindako proba guztietatik (175), % 5,92ak positibo eman zuten. Horri esker, unitate horretan 103 minbizi-aurreko lesio (positiboen % 58,86) eta 6 minbizi (% 3,43) hauteman dira. Gainerakoak minbiziak ez diren lesioak edo beste patologia batzuk izan ohi dira
010 (94 617 91 00)