Albistea
Umeek eta nagusiek parte hartu ahal izango dute Bermeoko VI. Ziklokros egunean urriaren 30ean, domekan. Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindulari taldeak antolatzen duten kirol jarduera hau Burujabetasun zelaian (kanposantuaren ondoko landan) egingo da eta lehenengo lasterketa goizeko 11:00etan izango da.
Bermeoko VI. Ziklokros eguna herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza da. Izan ere, LHko 1go mailatik hasita, edonork parte hartu ahal izango du. Horrela, adin guztietako herritarrek kirol ekitaldi horretan parte hartzea nahi dutenez, sei bizikleta lasterketa egingo dira: LH 5-6 (11:00etan), LH 3-4 (11:30ean), LH 2 (11:50ean), LH 1 (12:05ean), eta DBH 1,2, 3 eta 4 eta nagusiak (12:15ean).
Lasterketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da kaskoa eramatea. Izena ematea, nagusien kasuan, Bermeoko Araneko kiroldegian izango da eta ikasleek euren ikastetxeetan emango dute izena. Ziklokrosaren egun berean ezin izango da izenik eman. Umeak eta txikiak (LH1etik LH6ra) euro bat ordainduko dute eta gazteak eta nagusiak (DBH 1etik gora) bi euro.
Izena emateko orduan parte-hartzaile bakoitzari bere eskumuturrekoa emango zaio, lasterketa egunean eraman beharrekoa. Umeei, txikiei eta gazteei ikastetxeetan banatuko zaie eta nagusiei Araneko kiroldegian. Lasterketa bukatzean Araneko kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Irune Ormaetxeak, Kirol Saileko zinegotziak, adierazi duenez, Ziklokros eguna ospatuta, herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatu nahi dira, eta osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaldu.
Horrez gain, bere esanetan, “kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea eta, horrela, kirol ezberdinak herritarrei hurbiltzea xede ditu Ziklokrosak”. “Ekintza herrikoiak bultzatu nahi ditugu, adin guztietarako ekintzak proposatu, kirol hezitzailea bultzatu…”, azpimarratu du. Ildo berean, azaldu duenez, ekimen horrekin “kirola ez dela federatuen gauza bakarrik, denona dela eta denek parte hartu dezaketela adierazi nahi da”.
Lasterketaren antolaketan parte hartzen duten talde eta erakundeak honako hauek dira: Bermeo Txirrindularitza taldeak, Gurutze Gorriak, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak, Bermeoko Udaleko Zerbitzu Sailak eta herriko boluntarioek.
Kirol Saileko zinegotziak adierazi duenez, iaz 173 pertsonak parte hartu zuten Ziklokrosean, eta aurten ere parte hartzaile kopuru antzekoa espero dutela gaineratu du. Horrela, Ormaetxeak ume, gazte eta nagusiei VI. Ziklokrosean parte hartzera animatu die eta domekan kirolarekin giro izugarrian gozatzera.
010 (94 617 91 00)