Albistea
Euskararen erabilera handitzea helburu duen Kalinpan maskotak bost urte beteko ditu eta Bermeoko XXI. Arrain Azokan ospatuko du bere urtebetetzea panpina berrituta. Horren berri eman dute gaur Irune Ormaetxeak, Turismo, Kirol eta Merkataritza zinegotziak, eta Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, Kalinpanekin batera egindako prentsaurrekoan.
Horrela, Kalinpan Bermeoko Arrain Azokan presente egongo da euskaraz berba egiteko gogoa zabaltzen. Ildo honetan, maiatzaren 15ean, barikuan, arratsaldean, 18:00etatik eta 19:45ak arte gune didaktikoan egongo da eta maiatzaren 16an, zapatuan, 18:00etan izango den Aita Guria baleontzian umeentzako ikuskizunean jende artean ibiliko da. Ostean egingo den kalejiran ere parte hartuko du eta, amaitutakoan, 19:45ak arte, gune didaktikoan egongo da.
Euskara teknikariak gogoratu duenez, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, kirolean euskararen erabilera handitzeko maskota sortu zuen orain dela 5 urte. Izan ere, “gehienetan kirola gaztelaniaz praktikatzen zela ikusita, errealitate hori aldatu asmoz, kirol-ekitaldietan euskara bultzatuko zuen panpina sortzeko beharra ikusi zuen Udalak”, azaldu du.
“Horrela, hasieran ideia zoroa zirudiena errealitate bihurtu zen eta 2010eko Arrain Azokan ikusi ahal izan genuen lehenengo aldiz herrian, hain harrera ona izan duen edari isotonikoa”, adierazi du.
Ormaetxeak gogoratu duenez, hamaika ekitalditan parte hartu du Kalinpanek: Arrain azokan, Futbol-taldearen Aste Santuko torneoan, Umeen olinpiadetan, Erromeridxen, estropadetan, Sukalki egunean, Herri-lasterketan, Ikastetxeetako jaietan, Euskararen egunean… eta, azkenengoz, joan den domekan kiroldegian egon zen xixili taldeko gimnastekin batera. “Besarkadak, musuak eta maitasuna banatu ditu han eta hemen, herritarrak euskaraz berba egitera animatzeko”, nabarmendu du.
Euskara teknikariak adierazi duenez, “5 urte hauetan bizi izan dituen abenturen eraginez, gure maskotak kolorea eta bizitasuna galdu du” eta hori dela-eta, Kalinpanen urtebetetzea ospatzeko, “panpina berritu egin du” Bermeoko Udalak. “Horrela, aurtengo Arrain Azokan Kalinpanek bere urtebetetzea ospatuko du, indarberrituta, energiaz eta bizitasunez betea. Zatoz zeu be Arrain Azokara, Kalinpanen urtebetetzea ospatzera!”, animatu dute.
010 (94 617 91 00)