Albistea
Udalaren helburua da arrisku egoera handiagoan egon daitekeen kolektibo honen egungo egoera aztertzea, jarraipen egokia egitea eta laguntza eta informazioa eskaintzea
Prebentzioa ere helburu duen programa honen barruan, 6.000 maskarila baino gehiago banatuko ditu Udaltzaingoak
Bermeon, 2020ko apirilaren 28an.- Geroz eta gutxiago falta da itxiera egoera honetan aurrera egiteko eta konfinamendu neurriak pixkanaka malgutzeko. Bermeoko Udalak egoera berri honetan pausu seguruak emateko helburua du eta, hau dela eta, 70 urtetik gorako herritarrei zuzendutako programa abiarazi du gaur. Programa honen helburua da arrisku egoera handiagoan egon daitekeen kolektibo honen egungo egoera aztertzea, jarraipen egokia egitea eta laguntza eta informazioa eskaintzea. Horretarako, informazio liburuxkak banatuko ditu etxez-etxe, Udaltzaingoaren eskutik. Gainera, udaltzainek ere, prebentzioa eta segurtasuna lantzeko, 6.000 maskarila baino gehiago banatuko dituzte kolektibo honen artean.
Izan ere, Bermeon 70 urtetik gorako 3.102 pertsona bizi dira. Hauetatik 798, gainera, bakarrik edota bikotean. Bada, kolektibo hau COVID birusaren aurrean bereziki zaurgarria izanik eta arrisku posibleak txikitzeko helburuarekin, Bermeoko Udalak eurei zuzendutako programa abiarazi du. Programa honen bitartez hainbat helburu jorratu nahi dira: kolektibo honen egungo egoera zein den lehenbiziko eskutik ezagutzea; laguntza eta informazioa eskaintzea; beraien egoeraren jarraipen bat egitea eta, ahulguneren bat identifikatuko balitz, informazio hori jasotzea; prebentzioa lantzea; 6.000 maskarila baino gehiago banatzea eta hauen erabilera egokiaren gaineko pautak ematea eta informazio edo intereseko telefonoak zeintzuk diren argitzea.
Kanpaina hau, gainera, Udal Gobernuaren helburu estrategiko batekin zuzen-zuzenean lerratuta dago. Hots, herritarren zerbitzura dagoen gertuko udaltzaingoaren figuran sakondu nahi da. Horretarako, udaltzainak etxez-etxe joango dira, herritarrak informatu eta laguntzeko helburuarekin. Gainera, datua emateko prest dauden artatutako herritarrei, eurekin kontakturako telefono zenbaki bat edota familiartekoren baten kontaktua eskatuko zaie, zuzeneko harremana izateko. Esan bezala, informazioa emateaz gain, 6.000 maskarila baino gehiago banatuko dituzte, kolektibo honen lehen irteera ahalik eta seguruena izan dadin.
010 (94 617 91 00)